Itxi

Futbola

Eurokopa

Turkia final-laurdenetan da, Austria neurketa zirraragarri batean 1-2 kanporatuta

EITB MEDIA

Demiralek sartu ditu Turkiaren bi golak, eta Gregoritschek egin du Austriarena. Hala, kanporaketa hauek izango dira final laurdenetan: ostiralean, Espainia-Alemania, eta Portugal-Frantzia; larunbatean, Ingalaterra-Suitza, eta Herbehereak-Turkia.

  • Burukada horren bidez, Demiralek Turkiarebn bigarren gola lortu du. Argazkia: EFE.

    Burukada horren bidez, Demiralek Turkiarebn bigarren gola lortu du. Argazkia: EFE.

Turkiak Austria kanporatu du, Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako final zortzirenetan, astearte gauean, Leipzigen, 1-2 irabazita, eta, hala, txapelketako final laurdenetarako sailkatu da. Merih Demiralek, lehenengo eta 59. minutuetan, Turkiaren bi golak sartu ditu, eta Michael Gregoritschek egin du Austriarena, 66. minutuan.

Kalitate eta emozio handiko norgehiagoka izan da, eta, bereziki, hiru jokalari nabarmendu dira: alde batetik, Demiral Turkiako atzelaria, bere taldeko bi golak lortu dituelako; bestetik, Arda Guler, oso trebe aritu baita kornerretan, Demiralek golak egin dituen jokaldietan erakutsi duenez; eta, azkenik, Mert Gunok turkiar atezaina, luzapenean geldiketa ikusgarria egin baitu, Baumgartner aurrelari austriarraren burukada arriskutsu bat aldentzeko. Bazirudien erremate horrek 2-2koa ekarriko zuela, baina Gunokek Austriaren berdinketa saihestu du.

Garaipena gauzatuta, Turkia Eurokopako final laurdenetarako sailkatu da. Kanporaketa hauek jokatuko dituzte final laurdenetan: ostiralean, uztailaren 5ean, Espainia-Alemania, 18:00etan, eta Portugal-Frantzia, 21:00etan; eta larunbatean, hilaren 6an, Ingalaterra-Suitza (18:00etan), eta Hebehereak-Turkia (21:00etan).

Fitxa teknikoa

1 - Austria: Pentz; Posch, Danso, Lienhart (Wober, 65. min), Mwene (Prass, 46. min); Seiwald, Sabitzer; Laimer (Grillitsch, 65. min), Baumgartner, Schmid (Gregoritsch, 46. min); eta Arnautovic.

2 - Turkia: Gunok; Muldur, Bardakci, Demiral, Kadioglu; Yuksek (Ozcan, 58. min), Ayhan; Yilmaz, Kokcu (Kahveci, 83. min), Yildiz (Akturkoglu, 78. min); eta Arda Guler.

Golak: 0-1, 1. min: Demiral; 0-2, 59. min: Demiral; 1-2, 66. min: Gregoritsch.

Epailea: Artur Soares Dias (Portugal). Turkiako Kokcu eta Yuksek, eta Austriako Schmid eta Lienhart zigortu ditu, txartel horia aterata.