Itxi

Futbola

Eurokopa

Herbehereetako selekzioak argi kanporatu du Errumania (0-3), eta Eurokopako final laurdenetan izango da

EITB MEDIA

Gakpok, aurreneko zatian sartutako gol baten bidez, eta Malenek, partidako azken minutuetan egindako bi golez, Herbehereetako selekzioak berdegunean erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatu egin dute.

  • Malenek jaurtiketa honen bidez sartu du 0-3koa. Argazkia: EFE.

    Malenek jaurtiketa honen bidez sartu du 0-3koa. Argazkia: EFE.

Herbehereetako selekzioak Errumania kanporatu du, 0-3 irabazita, Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako final zortzirenetan, asteartean, Munichen, eta, horrenbestez, txapelketako final laurdenetarako sailkatu da. Cody Gakpok, aurreneko zatian sartutako gol baten bidez, eta Donyell Malenek, partidako azken minutuetan egindako bi golez, Herbehereetako selekzioak berdegunean erakutsitako nagusitasuna markagailuan islatu egin dute.

Ronald Koemanek entrenatzen dituen gizonek, multzo fasean, hirugarren sailkatu gisa erdietsi zuten sailkatzea, eta horrek zalantzak sortu zituen Herbehereetako taldearen gainean; lehenengo kanporaketan, baina, nagusitasunez hartu dute mendean Errumania, eta merezitako garaipena eskuratu.

Gakpok sartu du partidako aurreneko gola; jokalari herbeheretarrak, 0-1eko jokaldian, gogor jaurti du, eta Nita, Errumaniako atezaina bera, ez da oso ondo ibili, gainera. Azken minutuetan gelditu da norgehiagoka erabat erabakita, bigarren zatian zelairatu den Maleni esker; Borussia Dortmundeko aurrelariak bi gol egin ditu.

Fitxa teknikoa

0 - Errumania: Nita; Ratiu, Dragusin, Burca, Mogos (Racovitan, 37. min); Marius Marin (Cicaldai, 72. min); Man, Razvan Marin, Stanciu (Olaru, 88. min), Ianis Hagi (Mihaila, 72. min); Dragus (Alibec, 72. min).

3 - Herbehereak: Verbruggen; Dumfries, De Vrij, Van Dijk, Ake (Van de Ven, 69. min); Reijnders, Schouten (Veerman, 69. min); Gakpo (Weghorst, 84. min), Xavi Simons, Bergwijn (Malen, 46. min); Memphis (Blind, 92. min).

Golak: 0-1, 20. min: Gakpo. 0-2, 83. min: Malen. 0-3, 93. min: Malen.

Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Errumaniako Marius Marin eta Stanciu eta Herbehereetako Dumfries zigortu ditu, txartel horia erakutsita.