Itxi

Futbola

EUROKOPA - FINAL-ZORTZIRENAK

Suitzak Eurokopatik kanpo utzi du Italia

Agentziak | EITB Media

Suitzak merezitako garaipena lortu du egungo Europako txapeldunaren aurrean, eta final-laurdenetan izango da. Freulerrek eta Vargasek sartu dute suitzarren golak.

  • Vargas izan da Suitzaren jokalaririk onena. Argazkia: EFE

    Vargas izan da Suitzaren jokalaririk onena. Argazkia: EFE

Lehendabiziko ezustekoa izan da Eurokopan: Suitzak Italia kanporatu du, eta final-laurdenetan izango da. Remo Freulerrek eta Ruben Vargasek sartu dituzte Suitzako selekzioaren golak.  

Egungo txapeldunak partida oso txarra jokatu du, eta Murat Yakiniren taldea jaun eta jabe izan da, hasieratik bukaera arte.

Suitzak kontrolpean izan du partida, baloia azkar mugitu dute, erasoan ondo aritu dira eta azken errematean soilik egin dituzte akatsak. Italiarrek, berriz, ez dira gai izan arriskurik sortzeko, ezta baloiari eusteko ere.

Testuinguru horretan, Freulerrek egin du lehen gola Suitzarentzat, 37. minutuan, Vargasen pasea baliatuta. Aldagelatik bueltan, Luciano Spallettiren taldea partida iraultzen ahaleginduko zela espero zen, baina ez da halakorik gertatu.

Alderantziz, bigarren zatia hasi eta berehala, kontraeraso batean, Vargasek bigarrena egin du. Italiak ez du jarrera aldatu eta ez du inolako aukerarik izan partidan sartzeko.

Horrenbestez, Suitza izango da Eurokopako final-laurdenetan, eta Ingalaterra edo Eslovakia izan du aurkari.

FITXA TEKNIKOA

2- Suitza: Sommer; Rieder (Stergiou, 72. min), Schar, Akanji, Rodríguez, Aebischer (Steffen, 92. min); Freuler, Xhaka; Vargas (Zuber, 71. min), Ndoye (Sierro, 77. min); eta Embolo (Duah, 77. min).

0- Italia: Donnarumma; Di Lorenzo, Mancini, Bastoni, Darmian (Cambiaso, 75. min); Cristante (Pellegrini, 75. min), Barella (Retegui, 64. min); Chiesa, Fagioli (Frattesi, 86. min), El Shaarawy (Zaccagni, atsedenaldian); eta Scamacca.

Golak: 1-0, 37. min, Freuler. 2-0, 46. min, Vargas.

Epailea: Szymon Marciniak poloniarra. Txartel horia atera die Barellari, El Shaarawyri eta Manciniri.

Estadioa: Berlingo Estadio Olinpikoa.