Itxi

Futbola

Eurokopa

Alemaniak Hungaria menderatu du (2-0), eta final zortzirenetan izango da

EITB MEDIA

A multzoan asteazkenean jokatu duten beste partidan, Eskoziak eta Suitzak bana egin dute, eta, hala, Suitzak lau puntu ditu, eta gertu dauka txapelketan jarraitzeko txartela.

  • Gundoganek sartu du Alemaniaren bigarren gola. Argazkia: EFE.

    Gundoganek sartu du Alemaniaren bigarren gola. Argazkia: EFE.

Alemaniak Hungaria menderatu du, 2-0, eta Eskoziak eta Suitzak berdindu dute, 1-1, asteazkenean, A multzoan, Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopako multzoetako faseko bigarren jardunaldian. Hala, Alemaniako selekzioa final zortzirenetarako sailkatu da; 24 talde dabiltza txapelketan, eta Alemania da hori lortzen duen aurrenekoa.

Musialak eta Gundoganek garaipena eman diote Alemaniari, Hungaria aurkari (2-0)

Asteazkenean, hiru partida jokatu dituzte; izan ere, lehenengoan, B multzoan, Kroaziak eta Albaniak bina egin dute. Bigarren neurketan, Alemaniak Hungaria menderatu du, 2-0, Jamal Musialak eta Ilkai Gundoganek sartutako golen bidez, Stuttgarten, eta, horrenbestez, Eurokopa honetan final zortzirenetarako txartela lortu duen aurreneko selekzioa da. 22. minutuan, Musialak 1-0ekoa egin du, eta Gundoganek biribildu du Alemaniaren garaipena, bigarren zatian, 67. minutuan hain zuzen ere.

Eskoziaren aurka, estreinaldian, Alemaniak norgehiagoka bikaina jokatu zuen, eta bost gol sartu zizkion aurkariari. Orain, Hungariaren kontrako partidan, berriro ere merezita eta argi irabazi du; hori bai, ez da aurreneko neurketan bezain ondo ibili. Hungariak ordena izan du atzealdean, eta arriskua sortu du jokaldi batzuetan; Musialaren 1-0ekoaren ostean, markagailua berriro mugitu arte, Hungariak ez du amore eman, eta Alemaniak ez du ziurtatuta izan hiru puntuak eskuratuko zituela. Azkenean, Julian Nagelsmannen taldearen kalitateak eta sendotasunak ekarri diote garaipena titulua lortzeko hautagai nagusietakoa den Alemaniari.

Fitxa teknikoa

2 - Alemania: Neuer; Kimmich, Rudiger, Tah, Mittelstadt; Andrich (Emre Can, 72. min), Kroos; Musiala (Furich, 72. min), Gundogan (Undav, 84. min), Wirtz (Sane, 58. min); Havertz (Fullkrug, 58. min).

0 - Hungaria: Gulacsi; Dardai, Orban, Fiola; Bolla (Adam, 75. min), Adam Nagy (Kleinheisler, 64. min), Schafer, Kerkez (Zsolta Nagy, 75. min); Sallai (Csoboth, 87. min), Szoboszlai; Varga (Gazdag, 87. min).

Golak: 1-0, 22. min: Musiala. 2-0, 67. min: Gundogan.

Epailea: Danny Makkelie (Herbehereak). Alemaniako Rudiger eta Mittelstadt eta Hungariako Varga eta Csoboth zigortu ditu, txartel horia aterata.

Eskoziak eta Suitzak bana egin dute, oso parekatua izan den partidan

Gauean, Kolonian, Eskoziak eta Suitzak berdindu egin dute, 1-1, Eskoziako Scott McTominayk, 13. minutuan, eta Suitzako Xherdan Shaqirik, 26.ean, sartutako golekin. Emaitzak ondo islatzen du zer gertatu den berdegunean, bi selekzioak oso parean ibili baitira. Egia esan, markagailua Suitzarentzat da hobea, kontuan izanik lau puntu dituela eta final zortzirenetatik gertu dagoela; Eskoziak, puntu bat duela, Hungaria menderatu beharko du azken jardunaldian, txapelketan jarraitzeko aukerei eusteko.

Arestian esan bezala, oso parean ibili dira bi selekzioak. Norgehiagokan, lehia bizia izan da, eta biak ala biak oso sendo aritu dira, oso indartsu. Alemaniaren aurka ostiralean bost gol jasota, Eskozia konplexurik gabe zelairatu da, eta arin sartu du gola; Suitzak, baina, Shaqiriren jaurtiketa eder baten ondorioz, banakoa jarri du ia segituan.

Suitzako Xhaka eta Eskoziako Adams, lehian. Argazkia: EFE.

Suitzako Xhaka eta Eskoziako Adams, lehian. Argazkia: EFE.

Okerrena izan da Kieran Tierneyk lesioa izan duela, eta zelaitik atera behar izan dutela. 2023-24 denboraldian Realen ibilitako ezker hegaleko atzelari eskoziarrak bigarren zatian hartu du mina.

Fitxa teknikoa

1 - Eskozia: Gunn; Ralston, Hendry, Hanley, Tierney (McKenna, 61. min), Robertson; Gilmour (McClean, 79. min), McGregor; McTominay, Mcginn (Christie, 91. min); Adams (Shankland, 91. min).

1 - Suitza: Sommer; Schar, Akanji, Ricardo Rodriguez; Widmer, Xhaka, Freuler (Rieder, 75. min), Shaqiri (Embolo, 60. min); Aebischer, Vargas (Sierro, 75. min); Ndoye.

Golak: 1-0, 13. min: McTominay. 1-1, 26. min: Shaqiri.

Epailea: Ivan Kruzliak (Eslovakia). Suitzako Ricardo Rodriguez eta Eskoziako McKenna eta Mcginn zigortu ditu, txartel horia aterata.