Itxi

Futbola

2024ko Eurokopa

Turkiak Georgia menderatu du, 3-1, eta F multzoko liderra da; Portugalek ere hiru puntu ditu

EITB MEDIA

Izan ere, Portugalek ere irabazi du 2024ko Eurokopan jokatu duen aurreneko partidan, 2-1, Txekia aurkari. Asteartean izandako bi partidek amaiera eman diote txapelketako multzoen faseko lehenengo jardunaldiari.

  • Irudian jasotako jaurtiketa horren bidez, Arda Gulerrek gol ikusgarria sartu du. Argazkia: EFE.

    Irudian jasotako jaurtiketa horren bidez, Arda Gulerrek gol ikusgarria sartu du. Argazkia: EFE.

Turkiak Georgia menderatu du, 3-1, eta Portugalek Txekia hartu du mendean, 2-1, asteartean, F multzoan, Alemanian jokatzen ari diren 2024ko Eurokopan. Horrenbestez, multzoen faseko lehenengo jardunaldia amaituta, Turkia da F multzoko liderra, hiru puntu dituela, Portugalekin berdinduta; Turkiak, hori bai, golen arteko alde hobea du.

Turkiak Georgia gainditu du (3-1), partida oso lehiatuan

Asteartean jokatutako lehenengo partidan, Turkiak Georgia menderatu du, 3-1, Dortmunden. Mert Muldurrek sartu du 1-0ekoa, 25. minutuan, eta Mikautadzek, zazpi minuturen buruan, Georgiaren gola egin du, banakoa. Bigarren zatian, Arda Gulerrek, 65. minutuan, eta Artukogluk, luzapenean, norgehiagokaren azken jokaldian, Turkiako selekzioaren bigarren eta hirugarren golak sartu dituzte. Turkiak, horrenbestez, sendo ekin dio txapelketari.

Turkiak sartutako bi gol eder izan dira giltzarri neurketan, aurreneko biak hain zuzen. 1-0ekoan, Mert Muldurrek jaurtiketa bikaina harrapatu du, boleaz, eta, 2-1ekoan, Arda Gulerrek ezkerkada ikusgarria bota du areaz kanpotik; baloia angelutik sartu da Mamardashviliren atean, eta gola benetan etengabe ikusteko modukoa izan da.

Georgiak biziki borrokatu du, eta ez du amore eman. 96. minutuan, korner batean, Valentziako atezaina ere joan da errematearen bila; Artukogluk, kontraeraso azkarra eginda, sareetara bidali du baloia, baliatuta ez zegoela Georgiako jokalaririk atea babesteko.

Fitxa teknikoa

3 - Turkia: Mert Gunok; Mert Muldur (Celik, 85. min), Samet Akaydin, Abdulkerim Bardakci, Ferdi Kadioglu; Kaan Ayhan (Demiral, 79. min), Hakan Çalhanoglu (Salih Ozcan, 91. min); Arda Guler (Yacizi, 79. min), Orkun Kokcu, Kenan Yildiz (Artukoglu, 85. min); Baris Alper Yilmaz.

1 - Georgia: Mamardashvili; Kakabadze, Kverkvelia (Zivzidvadze, 85. min), Kashia, Dvali, Tsitaishvili (Lochosvili, 74. min); Kochorashvili,  Mekvabishvili (Altunashvili, 89. min), Chakvetadze (Davitashvili, 74. min); Kvaratskhelia, Mikautadze.

Golak: 1-0, 25. min: Mert Muldur. 1-1, 32. min: Mikautadze. 2-1, 65. min: Arda Guler. 3-1, 97. min: Artukoglu.

Epailea: Facundo Tello (Argentina). Turkiako Bardacki eta Calhanoglu eta Goergiako Kverkvelia zigortu ditu, txartel horia aterata.

Portugalek markagailua irauli du Txekiaren aurka (2-1)

Gauean, Leipzigen, Portugalek Txekia hartu du mendean, luzapenean Conceicaok sartutako gol bati esker, emaitza iraulita. Portugalgo selekzioak arazo handiak izan ditu hiru puntuak eskuratzeko, baina esan beharra dago merezi izan dituela, berdegunean ikusitakoa kontuan izanik. 2-1 amaitu da norgehiagoka, eta hiru golak bigarren zatian sartu dituzte; 62. minutuan, Provodek, jaurtiketa trebe baten bidez, aurretik jarri du Txekia, eta Portugalek berehala egin du banakoa, Hranac Txekiako atzelariak bere atean sartu baitu. 92. minutuan, Conceicaok garaipena eman dio bere taldeari.

Diogo Jota, Hranacen gainetik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Diogo Jota, Hranacen gainetik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Lehen zatian, Stanek Txekiako atezainak meritu handiko hainbat geldiketa egin ditu, batzuk Cristiano Ronaldoren aurrean, eta markagailua ez da aldatu. Atera jaurti duen aurrenekoan, Txekiak 0-1ekoa sartu du, eta ematen zuen Portugalek ez zuela topatzen nola bidali baloia aurkariaren sareetara; Hranacek egin du hori, nahi gabe, eta handik aurrera Portugalek erasora jo du, sendo. Azkenean, hiru puntuetako saria erdietsi du.

Fitxa teknikoa

2 - Portugal: Diogo Costa; Cancelo (Semedo, 90. min), Dalot (Inacio, 63. min), Pepe, Ruben Dias, Nuno Mendes (Neto, 90. min); Bernardo Silva, Bruno Fernandes, Vitinha (Conçeicao, 90. min); Rafael Leao (Diogo Jota, 63. min) eta Cristiano Ronaldo

1 - Txekia: Stanek; Coufal, Holes, Hranac, Krejci, Doudera; Sulc (Sevcic, 79. min), Soucek, Provod (Baral, 79. min); Kuchta (Lingr, 60. min) eta Schick (Chytil, 60. min)

Golak: 0-1, 62. min: Provod; 1-1, 70. min: Hranac, bere atean; 2-1, 92. min: Conceicao.

Epailea: Marco Guida (Italia). Portugalgo Rafael Leao eta Txekiako Schick zigortu ditu, txartel horia aterata.