Futbola
Eurokopa
Espainiak Kroaziari irabazita egin du debuta Eurokopan, eta Unai Simonek penalti bat gelditu du (3-0)
EITB MEDIA
Moratak, Fabian Ruizek eta Carvajalek egin dituzte golak, denak lehen zatian. B multzoko beste partidan, Italiak 2-1 irabazi dio Albaniari, Eurokopako golik azkarrena irauliz.
-
Espainiako jokalariak, gol bat ospatzen. Argazkia: Efe.
Espainiak garaipen batekin eman dio hasiera 2024. urteko Eurokopako ibilbideari, B multzoko lehen jardunaldian Kroazia 3-0 menderatuta.
Luis de la Fuenteren taldeak oso ondo hasi du neurketa, eta jokoa kontrolpean izan du lehen 15 minutuetan, baina aukera argirik sortu gabe. Lehen gola 29. minutuan iritsi da; Alvaro Moratak egin du, Fabian Ruizek emandako pasea probetxatuta.
Bigarrena Fabian Ruizek berak sartu du, area barruan jokaldi pertsonal bikaina eginda.
3-0ekoa, aldiz, atsedenaldiaren atarian egin du Espainiak. Carvajal izan da golegilea, Lamine Yamalek emandako paseari amaiera bikaina emanda.
Kroaziak bi aukera argi izan ditu, baina Modricen taldea ez da fin ibili azken errematea egiteko garaian.
Bigarren zatian, bi taldeek izan dituzte aukerak. Euskal ordezkariei dagokinez, Luis de la Fuentek Mikel Oyarzabal, Mikel Merino eta Martin Zubimendi zelairatu ditu bigarren zatian, eta Nico Williams eta Unai Simon, berriz, partida hasieratik zelairatu ditu Eurokopako lehen partidan.
Penaltia eta Simonen geldiketa
78. minutuan, epaileak Kroaziaren aldeko penaltia adierazi du, Pedrik area barruan egindako falta ikusita. Unai Simonek Petkovicen jaurtiketa aldaratu du, eta baloia Perisici iritsi zaio eta horren erdiraketa sare barrura bidali du Petkovicek. Gola, baina, baliorik gabe utzi du epaileak, Perisic behar baino lehenago sartu baita area barruan.
Azkenean, 3-0, eta Espainiak hiru puntuak lortu ditu.
Fitxa teknikoa
3 - Espaina: Unai Simon; Carvajal, Nacho, Le Normand, Cucurella; Rodri (Zubimendi, 86. min), Fabián, Pedri (Dani Olmo, 60. min); Lamine Yamal (Ferran Torres, 87. min), Nico Williams (Mikel Merino, 68. min) eta Morata (Oyarzabal, 67. min)
0 - Kroazia: Livakovic; Stanisic, Sutalo, Pongracic, Gvardiol; Brozovic, Kovacic (Sucic, 65. min), Modric (Pasalic, 65. min); Majer, Kramaric (Petkovic, 72. min) eta Budimir (Perisic, 56. min).
Golak: 1-0, 29. min: Morata. 2-0, 32. min: Fabian. 3-0, 47. min: Carvajal.
Epailea: Michael Oliver (Ingalaterra). Txartel horia atera dio Rodriri (67. min).
Italiak partida irauli du Albaniaren aurka (2-1)
Italiako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE
Italiako selekzioak Eurokopako historiako golik azkarrena irauli du, Nedim Bajrami albaniarrak sartutakoa. 2-1 nagusitu da, Alessandro Bastoni eta Nicolo Barellaren golekin, eta, Espainiak bezala, hiru puntuak eskuratu ditu. Txapelketako bigarren jardunaldian, elkarren aurka jokatuko dute.
Txapelketako egungo txapeldunak joko ona erakutsi du, baina partida irauli behar izan du; izan ere, Albaniak 0-1ekoa sartu du partida hasi eta berehala, 23 segundoan, eta Italiari presioa egitea tokatu zaio.
Hala, Spallettiren mutilak markagailua iraultzeko ahaleginean hasi dira, eta, 10 minuturen buruan, Bastonik 1-1ekoa egin du. Handik gutxira, errebote asko izan dituen jokaldi batean, baloia Barella taldekideari heldu zaio, eta honek 2-1ekoa sartu du. Atsedenaldira arte jarraitu du setioak, Italiak gol gehiago barkatu baititu.
Hala ere, Albania indartsu jarri da atzean, eta Italia gutxieneko errentarekin konformatu da.
Fitxa teknikoa:
2 - Italia: Donnarumma; Di Lorenzo, Bastoni, Calafiori, Dimarco (Darmian, 83. min); Jorginho, Barella (Folorunsho, 93. min); Frattesi, Pellegrini (Cristante, 77. min), Chiesa (Cambiaso, 77. min); Scamacca (Mateo Retegui, 83. min).
1 - Albania: Strakosha; Hysaj, Djimsiti, Ajeti, Mitaj; Asllani, Ramadani, Bajrami (Muçi, 87. min); Asani (Hoxha, 67. min), Broja (Manaj, 77. min), Seferi (Laçi, 67. min).
Golak: 0-1, 1. min: Bajrami. 1-1, 11. min: Bastoni. 2-1, 16. min: Barella.
Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Txartel horia atera die Pellegrini (21. min), Calafiori (51. min), Broja (52. min) eta Hoxha (75. min) jokalaiei.