Futbola
Konfirmatuta
Real Madrilek Kylian Mbappé aurrelari frantziarra fitxatu du, bost denboralditarako
Agentziak | EITB MEDIA
Jokalaria Paris Saint-Germain taldean aritu da azken urtean eta bertan 256 gol egin ditu jokatutako 308 partidetan. Sei liga irabazi ditu, lau Kopa, bi Ligako Kopa eta hiru Superkopa.
-
Kylian Mbappé. Argazkia: Efe.
Real Madrilek Kylian Mbappé jokalariaren fitxaketa konfirmatu du astelehen honetan. Jokalariak bost denboralditarako kontratua sinatu du, azken zazpi urtean Paris Saint-Germain taldean eman ostean.
Horrela, 25 urteko jokalariak Madrilen jokatuko duela baieztatu da, talde zuriak urte mordoa frantziarraren atzetik ibili ostean. 2022. urtean dena eginda zegoela zirudien, baina jokalariak, Parisen geratzea erabaki zuen, 2025. urtera arteko kontratua sinatuz. Akordio horren azken urtea aukerakoa zen eta jokalariak aukera hori baztertuta izan du azken aldian.
Mbappé Madrilera iritsiko da azken urtean, Luis Enriqueren esanetara, 44 gol eginda: 27 ligan, 8 Txapeldunen Ligan eta 10 asistentzia emanda. Frantziako hiru txapelketak irabazi ditu: Liga, Kopa eta Superkopa, baina Europan ez du emaitza onik lortu, PSG Txapeldunen Ligako finalerdietan kanporatu baitzuen Borussia Dortmund talde alemaniarrak.
Pariseko taldearekin 256 gol egin ditu guztira, 308 partidatan, eta sei liga irabazi ditu, lau Kopa, Ligako Kopa bi eta hiru Superkopa.