Futbola
Hypermotion Liga
Amorebietak Mirandesen aurka galdu egin du (1-0), eta 1. RFEFera jaitsi da
EITB MEDIA
Jandroren taldeak ezin izan du biribildu Hypermotion Ligako azken hilabeteetan egin duen iraultze bikaina; Anduvako partida erabakigarria zen, bi taldeetako bat Bigarren Mailan gelditzen baitzen eta bestea, ordea, jaitsiko zelako, eta Amorebietak ezin izan du helburua gauzatu.
-
Jorge Mier, Gabri Martinezen ondoan, Anduvako partidan. Argazkia: SD Amorebieta.
Amorebieta 1. RFEFera jaitsi da, igandean, Mirandesen aurka Anduvan 1-0 galduta, 2023-24 denboraldiko Hypermotion Ligako berrogeita bigarren eta azken jardunaldian. Emaitza hori zenbatuta, Jandroren taldeak hemeretzigarren postuan amaitu du txapelketa, alegia, jaitsierako aurreneko postuan, eta Amorebietak ezin izan du biribildu Ligako azken hilabeteetan egin duen iraultze bikaina.
Gose handiagoarekin zelairatu dira etxekoak, golaren bila; eta Amorebieta, aldiz, defentsa lanetan gehiago sartuta, kontraerasoen bidez bilatu nahi zituen bere aukerak. Alabaina, Mirandes eta sendo aritu da atzean, eta ez du ezustekorik izan.
Minutuak aurrera egin ahala norgehiagoka apur bat zakartu da, bi taldeek ikusten baitzuten markagailua ez zela mugitzen. Jandroren mutilak partidari beste martxa bat sartu diote, eta gehiago presionatzen hasi dira, eta atsedenaldira sentsazio hobeagoekin heldu dira.
Atsedenalditik bueltan, Mirandesek arriskua sortu du berriro, Gabriren hegaletik (etxekoen jokalaririk arriskutsuena) eta korner jaurtiketen bidez. Dena den, Amorebietak ez zuen zirrikitu handirik uzten atzealdean, eta zeregin horretan Gaya nabarmendu da tarte horretan, etxekoen gola birritan eragotzi baitu.
Lehia parekatuagoa zegoenean, Mirandesen erasoko gizonak agertu dira. Carlos Martinek baloi bat borrokatu du Siborekin. Gabri aurkitu du area barruan, eta hark ez du zalantzarik izan bere taldea aurretik jartzeko.
Amorebietan ez du amorerik eman, eta Bigarren Mailan jarraitzeko bere aukerei eusten saiatu da azken unera arte.
Epaileak 6 minutuko luzapena eman du, baina Mirandesekoek jokoa kontrolatu dute, eta Amorebieta mailaz jaitsi da, Anduvara bertaratu diren zale urdinen tristurarako.
Fitxa teknikoa:
1 - Mirandés: Ramón Juan, Alcedo, Tachi (Verdasca, 60. min), Tomeo, Jonathan Gómez, Reina (David Vicente, 85. min), Lachuer, Ilyas Chaira, Carlos Martín (Álvaro Sanz, 85. min), Gabri (Dani Luna, 72. min) eta Javi Martón (La Gumina, 85. min).
0 - Amorebieta: Magunagoitia, Bustinza (Yriarte, 79. min), Jorge Mier (Jauregui, 56. min), Gayá, Lasure (Rayco, 79. min), Álvaro Nuñez, Sibo, Erik Moran (Loca, 71. min), Morci, Dorrio y Unzueta (Edwards, 71. min).
Golak: 1-0: 62. min: Gabri Árbitro: Orellana Cid (Andaluziako batzordea). Txartel horiak: Chaira (21. min), Alcedo (39. min) eta Gabri (min 72) Mirandesen partetik; Lasure (67. min) eta Gaya (91. min) Amorebietaren partetik.