Futbola
Txapeldunen Liga
Real Madrilek hamabosgarrenez irabazi du Europako Kopa
Agentziak | EITB Media
Carvajalek eta Viniciusek bigarren zatian sartutako golei esker gailendu zaio Real Madril Borussia Dortmundi. Ordura arte, Alemaniako taldea nagusi izan da, baina ez du Courtoisen ate aurrean asmatu eta larrutik ordaindu du.
-
Real Madrileko jokalariak, Europako Koparekin. Argazkia: EFE
Real Madrilek irabazi du 2023-2024 denboraldiko Txapeldunen Liga, Wembley estadioan jokatu den finalean, Borussia Dortmund mendean hartuta. Carvajalek eta Viniciusek sartu dituzte zurien golak, bigarren zatiaren azken laurdenean.
Borussia Dortmundekoek ausardiaz jokatu dute hasieratik, eta partida ia osoan nagusi izan dira. Hainbat aukera garbi izan dituzte gola sartzeko, baina ez dute asmatu Courtoisen ate aurrean, eta larrutik ordaindu dute azkenean.
Real Madrilek asko sufritu du, baina partida amaitzeko 15 bat minutu falta zirenean, Carvajalek aurretik jarri du Ancelottiren taldea, korner batean gola buruz eginda. Gol horrek norgehiagoka aldatu du, eta handik minutu gutxira iritsi da zurien bigarrena. Viniciusek sartu du.
Hortxe amaitu da finala. Real Madrilek bere historiako 15. Europako Kopa bereganatu du, eta azken 11 urteetan lortu ditu azken seiak.
FITXA TEKNIKOA
0- Borussia Dortmund: Kobel; Ryerson, Hummels, Schlotterbeck, Maatsen; Can (Malen, 80. min), Sabitzer; Sancho (Bynoe-Gittens, 87. min), Brandt (Haller, 80. min), Adeyemi (Reus, 72. min); Füllkrug.
2- Real Madril: Courtois; Carvajal, Rüdiger, Nacho, Mendy, Valverde, Camavinga, Kroos (Modric, 85. min), Bellingham (Joselu, 85. min); Rodrygo (Militao, 91. min) eta Vinicius (Lucas Vazquez, 94. min).
Golak: 0-1, 74. min: Dani Carvajal. 0-2, 83. min: Vinicius Junior.
Epailea: Slavko Vincic. Txartel horia atera die Schlotterbecki, Sabitzerri, Hummelsi eta Viniciusi.