Futbola
Fitxaketa
Julen Lopeteguik West Ham United taldea entrenatuko du
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euskal teknikaria lanera itzuliko da, urtebete talderik entrenatu gabe egon eta gero. Premier Leagueko Wolverhampton Wanderers izan zen gidatu zuen azken kluba, 27 partidatan, 2022ko azarotik 2023ko abuztura arte.
-
Julen Lopeteguik
West Ham United taldeak ostegun honetan jakinarazi duenaren arabera, Julen Lopetegui izango da taldearen entrenatzailea datorren uztailaren 1etik aurrera. Hala, Premier Leaguen lan egingo duen laugarren euskal teknikaria izango da, Mikel Arteta (Arsenal), Unai Emery (Aston Villa) eta Andoni Iraolarekin (Bournemouth) batera.
Espainiako hautatzaile ohia Oporto, Real Madril eta Sevilla taldeetan ere aritu zen entrenatzaile lanetan. Urtebete egon da talderik gabe, Premier Leagueko Wolverhampton Wanderers izan baitzen gidatu zuen azken ekipoa. 27 neurketa egin zituen han, 2022ko azarotik 2023ko abuztura.
"Oso pozik" dagoela esan du Lopeteguik hedabideen aurrean, "klub handi" baten etorkizunaren parte izango delako. "Plataforma izugarria dugula sentitzen dut. Azken urteak oso aproposak izan dira oinarri hori izateko, noski, baina nire asmoa geroz eta entrenatzaile hobea izatea da, helburu gehiago eta hobeak izatea, taldea eta jokalariak animatzeaz eta hobetzeaz gain. Oso talde anbiziotsua gara", azaldu du.
Gipuzkoarrak David Moyes eskoziarra ordezkatuko du West Ham Uniteden. Batetik, 2022-2023 denboraldian Konferentzia Liga irabazi zuen taldeak Moyesen gidaritzapean; bestetik, aurten, Europa Ligako final laurdenetara iritsi ziren, Premier Leaguen bederatzigarren geratzeaz gain. Julen Lopeteguiren lorpenei dagokienez, Europa Ligan garaile izan zen Sevillarekin, baita 21 eta 19 urtez azpiko Europako Txapelketetan ere.