Futbola
Europa Liga
Xabi Alonsoren Leverkusen hirugarren tituluaren bila, Europa Ligako finalean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Alemaniako taldeak Atalantaren kontra jokatuko du, Aviva Stadium zelaian, Dublinen, 21:00etatik aurrera. Atalantarentzat, klubaren historiako lehen finala izango da.
-
Xabi Alonsoren artxiboko irudia. EFE
51 neurketa galdu gabe amaituta eta Bundesliga eskuratuta, Xabi Alonsok entrenatzen duen Bayer Leverkusen denboraldiko hirugarren tituluaren bila zelairatuko da asteazken gauean, Dublingo Aviva Stadiumen Atalantaren aurka jokatuko duen Europa Ligako finalean; Italiako taldearentzat, berriz, lehen finala izango da klubaren historian.
2022an, Europa Ligako final zortzirenetan elkarren aurkako azken bi norgehiagokak Italiako taldeak irabazi zituen arren, Bayer da faborito nagusia, eta adoretsu ekingo diote Irlandako hiriburuko hitzorduari.
Xabi Alonsok jokatzeko moduan ditu taldeko kide guztiak. Nor zelairatuko duen da orain zalantza bakarra. Aurreikuspenen arabera, ohiko ordezko atezainari, Matej Kovár txekiarrari, berriz aukera ematea espero da. Normalean, Lukas Hradecky irteten da hasierako hamaikakoan, baina entrenatzaile tolosarrak txekiarra hautatu izan du Europa Ligako partidetarako.
Gorri-beltzei dagokienez, multzoen fase bikaina eginda heldu dira finalera, jokatutako sei neurketak irabazi eta hiru kanporaketak gainditu eta gero. Horrez gain, Italiako Kopa irabazteko zorian izan dira. Horixe da, hain zuzen ere, historian lortutako titulu bakarra, 1963an. Denboraldi historikoa egin du, beraz, Atalantak: Txapeldunen Ligara itzuliko da, Italiako Koparen lehian buru belarri sartu zen, eta Europa Liga eskuratu dezake gaur. Horretarako, Marten de Roon neerlandarra izan ezik, gainerako jokalari guztiak jokatzeko prest daude.
Hamaikako posibleak:
-Atalanta: Musso, Djimsiti, Hien, Kolasinac, Zappacosta, Ederson, Pasalic, Ruggeri, Koopmeiners, De Ketelaere eta Scamacc.
-Bayer Leverkusen: Kovar, Tapsoba, Tah, Hincapie, Frimpong, Andrich, Xhaka, Grimaldo, Hofmann, Wirtz eta Schick.
Zelaia: Aviva Stadium
Epailea: István Kovács (Errumania)
Ordua: 21:00etan