Futbola
Hypermotion Liga
Amorebietak mailari eusteko lehian jarraitzen du, Tenerifen irabazita (0-1)
EITB Media
Amorebietaren gola Iker Unzuetak sartu du, penaltiz, bigarren zatiaren hasieran. Urdinek jaitsierako postuetan segitzen dute, baina salbazioa puntu bakarrera dute orain.
-
Jon Morcillo, Tenerife-Amorebieta partidan. Argazkia: @SDAmorebieta
Amorebietak 0-1 irabazi du gaur Tenerifen, eta Hypermotion Ligan jarraitzeko borrokari eusten dio, denboraldia amaitzeko bi jardunaldi falta direnean. Bizkaitarren gola Iker Unzuetak egin du, penaltiz, bigarren zatiaren hasieran.
Jandro Castroren taldeak bai ala bai behar zuen garaipena, eta partidaren bila joan da hasieratik. Hala, lehendabiziko gol aukera hirugarren minutuan izan du, baina Lasureren jaurtiketak langa jo du.
Jokoan ordu erditik gora zeramatenean, Iker Unzuetak buruz errematatu du Jauregiren erdiraketa, baina Tomeu Nadal atezainak baloia aldaratzea lortu du.
Atsedenaldiaren ostean, bigarren zatia hasi eta ia berehala, epaileak Amorebietaren aldeko penaltia adierazi du, Enricek baloia eskuarekin jo baitu area barruan. VAReko epaileak eskatuta jokaldia berrikusi ostean hartu du erabakia.
Iker Unzuetak ez du barkatu penalti puntutik, eta Felix Garretari eskaini dio gola.
Tenerifek ez zuen ezer jokoan, eta partidako azken minutuetan soilik estutu du Amorebieta. Roberto Lopezek jaurtiketa gogorra egin du, baina baloiak Magunagoitiaren ateko zutoina jo du.
Azken txapan sufrituta izan bada ere, Jandroren taldeak garaipen handia lortu du Tenerifen, eta salbazioa puntu bakarrera dauka orain.
FITXA TEKNIKOA:
0 - CD Tenerife: Tomeu Nadal; Aitor Buñuel, Amo (Sergio Gonzalez, 73. min), Jose Leon, Nacho; Luismi Cruz (Ethyan, 80. min), Aitor Sanz, Bodiger (Javi Alonso, 73. min), Teto (Cacho, 65. min); Angel eta Enric Gallego (Roberto Lopez, 65. min).
1 - SD Amorebieta: Magunagoitia; Alvaro Nuñez, Bustinza, Gaya, Lasure; Dorrio (Rayco, 87. min), Erik Moran (Yriarte, 67. min), Sibo, Morci (Edwards, 87. min); Jauregi eta Unzueta (Jorge Mier, 82. min).
Gola: 0-1, 50. min: Unzueta, penaltiz.
Epailea: Oliver De la Fuente Ramos. Txartel horia atera die Sorianori, aulkian zegoela, eta Bustinzari.
Gertakariak: Hypermotion Ligako 40. jardunaldia. Heliodoro Rodriguez Lopez estadioan 10.389 ikusle izan dira. Partida hasi aurretik, bi taldeetako jokalariak Felix Garretaren aldeko kamiseta batekin atera dira zelaira.