Futbola
F Liga
Batzelona, 2023-2024 denboraldiko F Ligako txapeldun
Agentziak | EITB Media
FC Bartzelona F Ligako txapeldun bihurtu da 26. jardunaldian, Granada CF taldeari 1-4ko emaitzarekin irabazita. Ligako bederatzigarren garaikurra lortu du horrela, bosgarrena jarraian.
-
FC Bartzelonako jokalariak Ligako titulua ospatzen Argazkia: EFE
Bartzelonak matematikoki irabazi du larunbat honetan 2023-2024 denboraldiko F Ligako titulua, Granada CF taldeari 26. jardunaldian egindako bisitan lortutako 1-4ko garaipen erosoari esker. Bisitarien golegileak Fridolina Rolfö (2 gol), Lucy Bronze eta Caroline Graham Hansen izan dira.
Nuevo Los Carmenesen, norgehiagoka hasi eta berehala, 2. minutuan, Kataluniako taldeak markagailua ireki du Rolfök area barruan egindako errematearekin. Bronzek, berriz, 0-2koa sartu du 11. minutuan, Alexia Putellasek ezker hegaletik erdiraketa egin ostean.
Graham Hansenek egin du 0-3koa, partidako lehen ordu erdia pasata, Rolfök ezkerretik egindako erdiraketa ondo baliatuta. Laura Perezek aldea murriztu du atsedenaldira iritsi aurretik (1-3), penalti bati esker, baina Rolfök gola egin du berriro, 74. minutuan, markagailuan 1-4koa jartzeko.
Granadako lurretan lortutako garaipenari esker, Barçak (76 puntu) Lehen Mailako titulua eskuratu du matematikoki, bosgarrena jarraian. Izan ere, bigarren sailkatua, Real Madril CFF (61 puntu), 15 puntura du, jokatzeko 5 partida falta dituela eta gol-aldea galduta duela.