Futbola
KONFERENTZIA LIGA
Mendilibarrek Emery ezustean harrapatu du (2-4), eta Bayerrek Europa Ligako finala gertuago du
ETB MEDIA
Euskal teknikarien arteko norgehiagokan, Jose Luis Mendilibarrek 2-4 irabazi dio Unai Emeryri Aston Villaren etxean. Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek, bestalde, 0-2 irabazi dio Erromari Europa Ligako finalerdietako joaneko partidan.
-
Olympiacoseko jokalariak garaipena ospatzen Argazkia: EFE
Jose Luis Mendilibarren Olinpiakosek, Ayoub El Kaabiren 'hat trick' ak barne, ezustean harrapatu eta jipoitu du Aston Villa Konferentzia Ligako finalerdietako joaneko partidan. Ondorioz, ingelesek markagailua irauli beharko dute Atenasen finalean egoteko (2-4).
Greziarrek, Europako finalerdietako debutean, ateari begira eraginkortasun izugarria erakutsi dute, eta zorte apur bat ere bai gaueko erabaki gris guztietan. Izan ere, euskal teknikarien arteko norgehiagokan, Jose Luis Mendilibarrek 2-4 irabazi dio Unai Emeryri Aston Villaren etxean.
Ingalaterrako taldea, Baileyren gol baliogabetuaren ostean, atsedenaldiaren aurretik suspertu da Watkinsen 1-2koarekin. Diabyk berdinketa lortu du bigarren zatian baina El Kaabik penaltiz eta Hezzek sartutako golek errenta ona eman diete greziarrei. Douglas Luizek, berriz, penalti bat huts egin du 84. minutuan.
Bestalde, maiatzaren 29an Atenasen jokatuko den AEK Arenako finalaren bila, Fiorentinak hiru aldiz hartu dio aurrea ordu erdian hamar jokalarirekin jokatu duen Brujasi; azkena, 3-2koa, 91. minutuan izan da.
Bien bitartean, Xabi Alonsoren Bayer Leverkusenek Erromari irabazi dio (0-2) ostegun honetan, Europa Ligako finalerdietako joaneko partidan. Bundesligako txapelduna ez da kikildu bengalekin eta Erromako Olinpikoko giro bikainarekin. Partidaren golegileak Wirtz eta Andrich izan dira.
Horrela, talde alemaniarrak hanka bat du maiatzaren 22ko finalean, Dublin Arenan. Aldiz, Marseillako Olympiquek eta Atalantak borroka estua izango dute datorren astean Bergamon, Frantzian 1-1 egin ondoren.