Itxi

Futbola

Euskal Selekzioa

Euskal Selekzioak 1-1 berdindu du Uruguairekin

EITB Media

Euskal Herriko selekzioak berdindu egin du Uruguaikoaren kontra San Mamesen jokatutako partida. Djalok sartu du Euskal Selekzioaren gola, eta Vecinok Uruguairena.

6:14
Euskal selekzioa vs Uruguai

Euskal Selekzioak 1-1 berdindu du Uruguairekin, martxoaren 23an San Mamesen jokatutako partida. Katedralean bildutako 35.461 zaleek ikuskizun onaz gozatu ahal izan dute.

Uruguai hobeto zelairatu da, baina ez du abagune argirik sortu hasierako minutuetan Julen Agirrezabala atezainak babestutako ate inguruan. Euskal Selekzioari kosta egin zaio neurketari neurria hartzea, eta nagusitzen hastea. Horrela, bada, Euskal Herriko taldeak gola sartu du 25. minutuan, baina epaileak baliogabetu egin du Sola jokoz kanpo zegoelako errematea egin duenean; Alvaro Djaloren jaurtiketa Israel atezainak desbideratu du, aldaratzea Solak hartu eta baloia ate barruan sartu du, baina jokoz kanpo zegoen.

Gero, 37. minutuan, epaileak Uruguairen gola baliogabetu du, Luciano Rodriguez jokoz kanpo zegoelako errematea egin duen momentuan.

Bazirudien neurketa golik gabeko berdinketarekin helduko zela atsedenaldira; ez da hala izan, ordea. Norgehiagokako 45. minutuan, Alvaro Djalok zulatu du Uruguaik babestutako atea (1-0), area barruan kontrola egin, buelta erdia eman eta baloia ate barruan sartuta.

Golak emandako poztasunarekin joan da aldageletara Euskal Selekzioa. Hala ere, bigarren zatiaren hasieran, kolpea jaso du, Uruguaik gola sartu baitu; 46. minutuan, Aritz Elustondok huts egin du baloia aldentzerakoan, eta Vecinok banakoa (1-1) jarri du markagailuan.

Gola jaso ostea, minutu txarrak pasa ditu Euskal Selekzioak, baina egoerari buelta ematea lortu du. Jagoba Arrasatek zuzendutako taldeak erasora jo du, eta gola sartzeko aukerak sortu ditu. Neurketako 60.- minutuan, abagune argia izan du Euskal Selekzioak; Moncayola bakarrik geratu da atezainaren aurrean, baina Osasunako jokalariaren jaurtiketa Israelek desbideratu du. Lau minutu geroago, Villalibreren errematea kanpora joan da gutxigatik.

Partidako 84. minutuan izan du garaipena bereganatzeko aukera Uruguaik, baina Nandezen erremateak zutoina jo du, eta baloia ez da Aitor Fernandezek babestutako ate barruan sartu.

Azken minutuetan, bi selekzioetako batek ere ezin izan du bigarren gola sartu, eta neurketa berdinduta bukatu da (1-1).

Fitxa teknikoa:

1 - Euskal Selekzioa: Agirrezabala (Aitor Ferrnandez, 46. min); Gorosabel (Aguirregabiria, 77. min), Aritz Elustondo (Urko Gonzalez, 77. min), Jon Pacheco, Imanol; Guevara (Dani Garcia, 46. min), Vesga (Zarraga, 46. min), Iván Martín (Moncayola, 46. min); Alex Sola (Roberto Torres, 46. min), Adu Ares (Villalibre, 46. min) eta Djalo (Olasagasti, 77. min).

1 - Uruguai: Franco Israel; Guillermo Varela (Nahitan Nandez, 66. min), Bruno Mendez (Sebastian Caceres, 83. min), Nicolas Marichal, Lucas Olaza; Matías Vecino (Rodrigo Bentancur, 66. min), Nicolas Fonseca (Manuel Ugarte, 83. min), Rodrigo Zalazar (Giorgian de Arrascaeta, 66. min); Agustin Canobbio, Facundo Torres eta Luciano Rodriguez.

Golak: 1-0, 45. min: Djalo. 1-1, 46. min: Matias Vecino.

Epailea: Ricardo de Burgos Bengoetxea. Txartel horia atera dio Varela (41. min) Uruguaiko jokalariari.