Itxi

Futbola

LaLiga EA Sports

Osasunak irabazi du Alavesen aurka jokatutako derbi bizia (1-0)

EITB MEDIA

Ante Budimirrek egin du neurketako gol bakarra, bigarren zatian. Gainera, hiru jokalarik zelaia utzi behar izan dute lesionatuta: Osasunako Kike Barja eta David Garcia, eta Alaveseko Abqar.

  • Budimir, partidako golegilea

    Budimir, partidako golegilea. Argazkia: Efe.

Osasunak hiru puntuak eraman ditu, Sadarren, LaLiga A Sportseko 27. jardunaldian jokatutako derbian. Neurketa bizia, irekia eta joan-etorrikoa izan da, baina gol bakarra nafarrek egin dute.

Partida hasieran, neurketaren kontrola Luis Garciaren taldeak izan du. Madrildarrak ezin izan du bere taldea aulkitik zuzendu, zigortuta dagoelako Mallorcaren aurkako norgehiagokan txartel gorria ikusita.

Lehen aukera argia Benavidezek izan du 11. minutuan, baina David García zuzhur aritu da Alaveseko jokalariaren jaurtiketa gogorra azken momentuan desbideratzeko. Minutu bat geroago, Guridik buruarekin errematatu du eta Sergio Riverak gola ekidin du eskua maisuki sartuta.

Arabarrak jaun eta jabe izan dira zelaian, eta Osasuna deseroso aritu da, paseetan huts ugari eginez.

Jagoba Arrasateren taldea ez da Siveraren ingurura gerturatu 27. minutura arte, Torrok egindako jaurtiketa batekin. 28.ean David Garciak gola oso gertu izan du lehen zutoinean buruarekin egindako erremate batekin, baina baloia kanpora joan zaio gutxigatik.

Talde nafarrak jokoaren agintea hartu du pixkanaka eta Alaves bere zelaian sartu du. Atsedenaldiaren atarian, aukera argiak bi areatan izan dira: Siverak erantzun bikaina eman dio Budimirren jaurtiketa bati eta Omorodionen jaurtiketa batek zutoina jo du.

Lehen zatian bi jokalarik zelaia utzi behar izan dute, min hartuta: Kike Barja, Osasunan, eta Abqar, Alavesen.

Atsedenaldiaren ostean, Luis Riojak urrutitik jaurti du, gogor eta behetik, eta Siverak baloia ondo harrapatu du, segurtasunez.

Garaipenaren gola

Ondorengo minutuetan joko bizia izan da, joko azkarra eta arriskua bi areatan. Eta 76. minutuan, nafarrek gola egin dute. Ante Budimirrek jaurtiketa ederra egin du ezkerrarekin, areaz kanpotik, eta baloia Siveraren atean sartu du. Bere 14. gola sartu du jokalari gorritxoak. 1-0.

Bukaeran nekea nabaritu da jokalari guztiengan eta erritmoak behera egin du zerbait. Emaitza ez da aldatu. Osasunak hiru puntuak eraman ditu eta Alaves eskuak hutsi itzuli da etxera. Nafarrek lau partida aramatzate porrotik jaso gabe eta arabarrek bost irabazi gabe.

Fitxa teknikoa

1 – Osasuna: Herrera: Areso, David Garcia (Unai Garcia, 68. min), Herrando, Mojica; Moncayola, Torro, Aimar (Iker Muñoz, 79. min); Ruben Garcia (Pablo Ibañez, 79. min), Budimir (Raul Garcia, 79. min), Barja (Moi Gomez, 15. min).

0 – Alaves: Sivera: Gorosabel, Abqar (Tenaglia, 24. min), Rafa Marin, Lopez; Guevara, Benavidez, Guridi (Kike Garcia, 46. min); Sola (Vicente, 46. min), Samu (Giuliano, 74. min), Rioja (Hagi, 86. min).

Golak: 1-0 Budimir (76. min).

Epailea: Javier Figueroa Vazquez (Andaluziako batzordekoa). Granel Peiro eta Martinez Serrato laguntzaile izan ditu. Txartel horia atera die Osasunako Torro eta Herrandori, eta Alaveseko Vicenteri.