Futbola
ERREGE KOPA
EITBk zuzenean eskainiko ditu euskaraz Realaren eta Athleticen Kopako finalerdiak eta Sevillako Kopako finala
EITB MEDIA
Gaur Mallorca-Real Sociedad eta bihar Atletico Madril-Athletic Club futbol partidak zuzenean eskainiko ditu ETB1ek, 21:00etan eta 21:30ean, hurrenez hurren, baita etxean jokatuko dituzten itzuliko norgehiagokak ere.
-
2024ko Errege Kopako finalerdiak, EITBn. Argazkia: EITB Media
Aurten ere, Errege Kopako finalerdien eta finalaren emozio guztia zuzenean bizitzeko aukera eskainiko du EITBk, euskaraz. Hala, gaur bertan, 21:00etatik aurrera, Mallorca-Real Sociedad partida izango dugu ikusgai ETB1en, eta bihar Atletico Madril-Athletic Club lehia, azken hori 21:30etik hasita. Hiru aste geroago, etxean jokatuko dute bi euskal taldeek, eta bi norgehiagoka horiek ere ETB1en eskainiko dira, baita apirilaren 6an Sevillan jokatuko duten final handia ere.
EITBk RTVErekin duen lankidetza-ildoaren barruan, iaz, Osasunak jokatutako finalerdiak eta finala euskaraz ikusi genituen ETB1en. Aurten, berriz, hitzordu bikoitza izango dugu, txuri-urdinak eta zurigorriak iritsi baitira finalerdietara.
Partiden zuzeneko emanaldia Euskadi Irratian eta Radio Euskadin ere egingo dute. Horrekin batera, jarraipen informatibo zabala egingo du EITBk bere hedabide eta euskarrietan.
"Koparen Bila" saio bereziak, asteartean eta asteazkenean
Asteartean, 20:40ean hasiko da saioa, Ana Ramosek gidatuta, eta lagun izango ditu Iñaki Mikeo eta Juanan Larrañaga. Mallorca-Real Sociedad partidaren kontakizuna, Naxari Altunak eta Juanan Larrañagak egingo dute.
Asteazkenean, Atletico Madril-Athletic Club norgehiagokaren atarikoa 21:05ean hasiko da. Jon Balenziaga aurkezleak alboan izango ditu Janire Fragua, Gorka Iraizoz eta Nerea Zusberro. Bi adituen laguntzarekin egingo du partidaren kontakizuna Naxari Altunak.
Neurketak amaitu ostean, analisia egingo dute egun batean zein bestean.