Itxi

Futbola

ERREGE KOPA

Realak Osasuna kanporatu du, eta final-laurdenetara sailkatu da (0-2)

A. A. | EITB MEDIA

Oyarzabalek, penalti puntutik, eta Merinok, 11 metroetatik egindako beste jaurtiketa baten aldaratzea aprobetxatuta, bigarren zatian lortutako golek sailkapena eman die txuri-urdinei.

  • Mikel Oyarzabalek penaltia sartu duen unea, Aitor Fernandezen haserrearen aurrean. Argazkia: EFE

    Mikel Oyarzabalek penaltia sartu duen unea, Aitor Fernandezen haserrearen aurrean. Argazkia: EFE

Realak aurrera egin du Osasunaren aurkako Errege Kopako kanporaketan, txuri-urdinak (0-2) gailendu baitira txapelketako final-zortzirenei zegokien lehian. Donostiarren gol biak bigarren zatian iritsi dira: lehendabizikoa, Mikel Oyarzabalek lortu du penaltiz (56. minutua); bigarrena, neurketa amaitzear zela etorri da (97. minutua), eta Mikel Merinok egin du, Aitor Fernandezek Brais Mendezi gelditu dion beste penalti baten aldaratzean.

Etxekoek bizi ekin diote lehiari, eta hirugarren minutua bete orduko jokaldi eztabaidagarri bat egon da Realaren arean. Gorritxoek penalti eskatu dute Zubeldiak Budimir trabatu duelakoan, baina epaileak ez du halakorik ikusi, eta VARetik ere ez diote kontrako abisurik eman. Erabaki horrek Sadarren bildutako zale gorritxoen haserrealdia eragin du.

Horren ostean, jokoaren ekimenak Jagoba Arrasateren jokalariena izaten jarraitu du hurrengo minutuetan ere, nahiz eta Remiroren ate inguruan arrisku garbirik sortu ezin; Reala, bere aldetik, bi-hiru pase elkarlotu ezinda zebilen.

Apurka-apurka txuri-urdinak neurketara egokitu eta baloiaz jabetu dira, eta Barrenetxearen eskutik ezinegona sortu dute Osasunaren atzeko lerroan pare bat aldiz. Dena den, norgehiagokak erritmo gutxi izan du lehen zatian, geldialdi ugari egon baitira batak zein besteak egindako falta ugariengatik.

Atsedenaldira heldu aurretik, gorritxoena izan da hurbilketarik nabarmenena berriro ere. Orduko horretan, Budimirrek larregi gurutzatu du bere jaurtiketa, Realaren atetik urruti.

Partidari indartsu berrekin dio Realak, eta zenbait abagune kateatu ditu: lehendabizikoan, Zakharyanek ez du ondo baliatu Merinok bidalitako pasea. Gerora, 52. minutuan, Silvak Catenaren gorputzaren aurka bidali du area barrutik egindako errematea. Jokaldiak aurrera jarraitu du, eta aldaratzea Zakharyani heldu zaio area ertzean. Errusiarraren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Aitor Fernandez atezainak, eta baloia kornerrera aldendu du.

Minutu bat geroago, epaileak penaltia adierazi du Osasunaren aurka, Catenak Le Normandi heldu diola ikusita. Hernandez Hernandezek ez du zalantzarik izan futboleko zigor gorena adierazteko; alabaina, VARa ikustera joan behar izan du atzelari gorritxoari erakutsi beharreko txartela zein koloretakoa izan behar zen argitzeko. Hala, hasiera batean, txartel horia erakutsi badio ere, VARa ikuskatu ostean, gorri kolorekoa bihurtu da. Ondorioz, Osasuna 10 jokalarirekin geratu 56. minutuan.

Oyarzabalek, beste behin ere, 11 metroetatik aparteko abilezia duela azaldu du, eta gola lortu du bere taldearen alde.

Jokalari bat gutxiagorekin egon arren, Osasunak bultzatu egin du berdinketa lortzeko asmoz, eta Realak, ostera, kontraerasoak bilatu ditu kanporaketa behin betiko erabakitzeko. Horietako batean, partida ia amaituta zegoela, Brais bakar-bakarrik geratu da Aitorren aurrean, eta atezain eibartarrak penaltia egin dio. Brais bera saiatu da penaltia gauzatzen, baina Osasunaren atezainak gelditu egin du galiziarraren saiakera. Hori bai, aldaratzea Mikel Merinori heldu zaio, eta hark ez du barkatu bigarren gola erdiesteko.

Horrenbestez, Imanol Alguacilen taldea Athleticen batera egongo da ostiralean, urtarrilaren 19an, 13:00etatik aurrera egingo den final-laurdenetako kanporaketan.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Aitor Fernández; Areso, Catena, David García, Juan Cruz, Mojica (Peña, 65. min); Moncayola, Torró (Rubén García, 65. min), Aimar (Pablo Ibáñez, 84. min); Arnaiz (Kike Barja, 79. min), Budimir (Raúl García, 79. min).

2 – Real Sociedad: Remiro; Aritz (Aramburu, 80. min), Le Normand, Zubeldia, Tierney; Zakharyan, de Zárate (Turrientes, 60. min), Merino, Barrene (Brais Méndez, 60. min); André Silva (Magunazelaia, 74. min), Oyarzabal (Sadiq, 74. min).

Golak: 0-1, 57. min: Oyarzabal. 0-2, 96. min: Merino.

Epailea: Alejandro José Hernández Hernández. Txartel horiak: Areso (Osasuna); Magunazelaia eta Le Normand (Reala). Txartel gorri zuzena atera dio Osasunako Catenari, penaltia egiteagatik.