Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak puntu bat eskuratu du Oviedoren aurka (1-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Moyanok aurretik jarri du talde asturiarra norgehiagokako lehen minutuetan, eta Jauregik partida berdindu du (1-1) atsedenaldira iritsi aurretik. Urdinek meritu handiko puntu bat lortu dute Asturiasen.

  •  Oviedo vs Amorebieta Argazkia: @SDAmorebieta

    Oviedo vs Amorebieta Argazkia: @SDAmorebieta

Puntu banaketa Carlos Tartieren, Real Oviedok markagailuan aurrea hartu duen arren, Amorebieta aurkaria gainditzeko eta partida berdintzeko gai izan baita atsedenaldira iritsi aurretik.

Ezin hobeto hasi du partida Real Oviedok, hiru erdiko atzelari eta hegalekoen eskemarekin, eta, hain zuzen ere, azken horiek eman diote hasiera neurketako lehen golari. Vitik eskuin hegaletik gidatu du, Amorebietaren areara heldu da, erdiraketa egin du eta Sebas Moyanok buruz Pablo Campos gainditu du (1-0).

Hamargarren minututik aurrera, talde bisitariak hobera egin du, presioa aurreratu du eta Oviedoren baloi irteera asko zailtzen hasi da, hegalekoei esker aukera argiak sortuz.

Amorebietak markagailua berdintzea lortu du 32. minutuan, korner batean Jauregik, baloi solte bat baliatuta, Leo Roman fusilatu duenean. Lehen zatiko azken 15 minutuetan, bestalde, Borja Bastonek eta Edwardsek gol aukera bana izan dute.

Bigarren zatian, Oviedok lehen zatian baino hobeto jokatu du, baina Jando Castroren taldeak eroso defendatu du bere areatik gertu. Bisitarien areara behin bakarrik iritsi dira etxekoak, eta Pomaresen jaurtiketa batekin bukatu da.

Real Oviedo saiatu da gehien azken txanpan, baina Amorebieta ondo defendatu da. Bastonek Pablo Camposen eskuetara egindako burukada bat izan da berdinduta amaitu den partidako markagailua aldatzeko aukera bakarra.

Talde-lan handia eginda, urdinek meritu handiko puntu bat lortu dute Asturiasen.

Fitxa teknikoa:

1 – Real Oviedo: Leo Roman; Lucas, Jaime Vázquez, Pomares; Viti (Marco Esteban, 46. min), Seoane (Cazorla, 80. min), Colombatto, Sebas Moyano (Borja Sanchez,  80. min); Dubasin (Paulino, 71. min), Borja Baston eta Masca (Jimmy,  46. min).

1 – SD Amorebieta: Pablo Campos; Jorge Mier, Etxeita, Felix Garreta, Lasure (Gaya,  82. min); Dorrio, Sibo, Alex Carbonell (Erik Moran, 82. min), Rayco (Alvaro Nuñez,  72. min); Edwards (Morci, 74. min) eta Jauregi.

Epailea: De la Fuente Ramos. Txartel horia atera dio Jorge Mier Amorebietako jokalariari (35. min).

Golak: 1-0, 3. min: Sebas Moyano. 1-1, 32. min: Jauregi.