Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak galdu egin du Valladoliden aurka, eta etxetik kanpo irabazi gabe jarraitzen du (2-1)

L.U. | EITB MEDIA

Bizkaiko taldeak porrota jaso du Real Valladoliden aurka (2-1) Hypermotion Ligako 19. jardunaldiko partidan. Neurketako golegileak Mario Hernando (Amorebieta), Stanko Juric eta Israel Salazar (Valladolid) izan dira.

  • Valladolid vs Amorebieta Foto: @SDAmorebieta

    Valladolid vs Amorebieta Foto: @SDAmorebieta

Amorebietak 2-1 galdu du Paulo Pezzolanoren Real Valladoliden aurka Hypermotion Ligako 19. jardunaldiko partida. Beraz, Haritz Mujikaren taldeak oraindik ez du etxetik kanpo irabazi, eta hamar partidatan bi puntu eskuratu ditu bisitari gisa.

Lehen zatia irekia eta berdindua izan da zelaian. Norgehiagokak aurrera egin ahala, baina, Amorebietak partidaren irakurketa zuzena egin eta gero, ondo ulertu du nola egin min.

Alboetako erdiraketak eta geldikako baloia izan dira bere armak, eta Bizkaiko taldearen aldeko gola korner batean etorri da, 37. minutuan. Morcillok erdiraketa ona egin du lehen zutoinera, Manu Hernandok aurrea hartu die guztiei, eta baloia aurkariaren sareetara bidali du, buruz.

Markagailuan urdinak aurretik zirela joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatian, Valladolid nagusi izan da, eta 53. minutuan iritsi da etxeko taldearen lehen gola. Sergio Escuderoren asistentzia baten ostean, Stanko Juricek errematea egin du ezker aldetik, eta markagailua parekatu du horrela.

Berdinketarekin, talde bisitaria pixkanaka ixten joan da, eta 85. minutuan Valladolidek bigarren gola sartu du. Stanko Juricek ateratako korner batean, Israel Salazarrek sare barrura bidali du baloia.

Emaitza honekin, Amorebietak jaitsiera postuetan jarraitzen du, 14 puntu dituela.

Fitxa teknikoa:

2- Valladolid: Masip; Luis Pérez, Boyomo, David Torres, Escudero; Anuar (Lucas Rosa, 68. min), Monchu (De la Hoz, 92. min), Juric, Raúl Moro (Tunde, 92. min); Kenedy (Jony Montiel, 73. min) eta Cedric (Salazar, 46. min).

1- Amorebieta: Magunagoitia; Álvaro Núñez (Jorge Mier, 46. min), Manu, Gayà, Félix, Lasure; Carbonell (Erik Morán, 62. min), Sibo, Dorrio (Edwards, 62. min); Morci (Quintero, 81. min), Avilés (Jauregi, 46. min).

Golak: 0-1, 37. min: Manu Hernando. 1-1, 54. min: Juric. 2-1, 86. min: Salazar.

Epailea: Sánchez López. Txartel horia atera die Paulo Pezzolano Valladolideko entrenatzaileari (68. min) eta Escudero Valladolideko jokalariari (94. min), eta Álvaro Núñez (4. min), Gayà (17. min) eta Jorge Mier (82. min) Amorebietako jokalariei.