Itxi

Futbola

Errege Kopa

Amorebietak aurrera egin du Kopan, Levante menderatuta; Tudelano eta Egues, Kopatik kanpo

EITB MEDIA

Haritz Mujikaren gizonak 0-1 gailendu dira Ciutat de Valencia zelaian, Erasoren golari esker, eta final hamaseirenetarako sailkatzea eskuratu dute. Tudelanok 1-2 galdu du, luzapenean, Las Palmasen aurka, eta Eguesek ezin izan du Mallorcaren kontra (0-3).

4:03
Levante-Amorebieta

Amorebieta 2023-24 denboraldiko Errege Kopako final hamaseirenetarako sailkatu da asteazken gauean, eta Tudelano eta Egues, aldiz, txapelketatik kanpo gelditu dira. Hain zuzen ere, Amorebietak Levante menderatu du bigarren kanporaketan, 0-1, Erasoren golari esker; Tudelanok 1-2 galdu du, luzapenean, Las Palmasen kontra, eta Eguesek 0-3ko emaitzarekin amaitu du Mallorcaren aurka jokatutako neurketa.

Hala, Amorebietak Levante kanporatu du Ciutat de Valencia futbol zelaian, 0-1 irabazita; Javier Erasok sartu du gola, 70. minutuan. Etxeko taldea bizi zelairatu da, eta, aurreneko minutuetan, arriskua sortu du Magunagoitiaren atearen aurrean. Bizkaiko taldearen atezainak, baina, partida bikaina egin du, eta ez du golik jaso; apurka-apurka, Haritz Mujikaren gizonek jokoa berdindu dute, eta gero eta hobeto aritu dira berdegunean.

Eraso, bigarren zatian, azkar ibili da area barruan 0-1ekoa jartzeko. Amorebieta, horrenbestez, final hamaseirenetan dago, eta ikusmin handiz jarraituko du klubak datorren astearteko zozketa.

Ciudad de Tudela futbol zelaian norgehiagoka bikaina jokatu arren, Tudelano 124. minutuan gelditu da Kopatik at, 1-2 galdu baitu Las Palmasen aurka. Munirrek egin du gol erabakigarria, luzapena amaitzear zela; bazirudien penaltietan ebatziko zela zein taldek egin behar zuen aurrera, baina, azkenean, ez da horrelakorik gertatu.

90 minutuetan, bana egin dute bi taldeek, eta lehen zatian sartu dituzte bi golak. Sory Kabak aurretik jarri du Kanarietako taldea 38. minutuan, Francisco Javier Garcia Pimientaren gizonek erasoko jokaldi polita burututa; handik gutxira, 42. minutuan, Joel Rodriguezek sartu du berdinketa jarri duen gola, penaltiz.

Arestian esan bezala, Tudelanok partida bikaina egin du, eta maila oso ona eman du Las Palmasen aurka, nahiz eta gaur bisitari gisa aritu den taldea ederto ari den EA Sports Ligan.

Eguesibarren, Mallorcak Egues kanporatu du, 0-3 gailenduta. Dani Rodriguezek sartu du lehenengo gola, aurreneko zatian, eta Javi Llabresek beste bi egin ditu bigarrenean. Etxekoak gogor ahalegindu dira, baina ezer gutxi egiteko aukera izan dute, aurkariak argi erakutsi baitu Lehen Mailako taldea dela.

Javier Aguirreren taldearen lehen gola 39. minutuan heldu da, eta Llabresek 56. eta 61. minutuetan egin ditu 0-2koa eta 0-3koa. Emaitza gorabehera, Txiki Akaz Egueseko entrenatzaileak adierazi du Nafarroako taldeak ibilbide ona egin duela Kopan; izan ere, RFEFko Lehen Mailako aurkari bat kanporatu du, Teruel, "partida bikaina eginda", eta maila goreneko talde baten aurka jokatu du, Mallorcaren kontra, hain zuzen ere. "Egun historikoa izan da klubarentzat, jokalarientzat eta niretzat", nabarmendu du.