Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak galdu egin du etxean, Burgosen aurka (0-1)

EITB MEDIA

Felix Garretasek bere atean egindako golak punturik gabe utzi ditu bizkaitarrak. Amoebietak etxean galtzen duen hirugarren partida da.

  • Amorebieta-Burgos partida

    Amorebieta-Burgos partida. Argazkia: @SDAmorebieta.

Amorebietak 0 eta 1 galdu du Burgosen aurka, LaLiga Hypermotion txapelketako 18. jardunaldian jokatutako partidan. Lezaman jokatutako neurketako gol bakarra Alex Garretasek egin du, bere atean, atsedenaldiaren atarian.

Lehen zatian oreka izan da nagusi, ez batak ez besteak ez du lortu zelaian nagusitzea. Lehen abisua Amorebietak eman du Sibok 10. Minutuan egindako jaurtiketarekin, baina baloia gora joan zaio. Ondoren Dorriok izan du aukera, baina jaurtiketa kornerrera bidali du Burgos taldeko atzelari batek.

Jon Perez Boloren taldeak aukera pare bat izan ditu ondoren, partidako lehen golaren atarian. Gola 44. minutuan iritsi da, zornotzarren zoritxarreko jokaldi batean. Alex Garretak bere atean sartu du baloia, Fer Niñoren erdiraketa baten ostean.

Atsedenaldiaren ostean, eta markagailua kontra zutela ikusita, urdinek aurrerapausoa eman dute, berdinketaren bila. Banakoa sartzear izan dira 58. Minutuan, Elgezabalek baloia ate azpitik urrundu behar izan duenean, Carok Lasureren jaurtiketa desbideratu ostean. 81. minutuan, berriz, Quinteroren erdiraketa Jauregik buruarekin errematatu du eta Caro atezainak baloia kornerrera desbideratzea lortu du.

Amorebietaren azken aukerak izan dira. Azkenean, Burgosek eraman du garaipena. Bizkaitarrek, berriz, hirugarren porrota jaso dute etxean.

Fitxa teknikoa:

0 - Amorebieta: Pablo Campos; Alvaro Nuñez, Manu Hernando, Gaya, Felix Garreta (Da Graca, 80. min), Lasure; Sibo, Moran (Carbonell, 60. min); Dorrio (Rayco, 80. min), Aviles (Jauregi, 60. min) eta Morcillo (Luis Quintero, 46. min).

1 - Burgos: Caro; Borja Gonzalez, Aitor Cordoba, Grego Sierra, Matos (Appin, m.85); Alex Sancris (Bermejo, m.85), Mumo (Atienza, m.61), Unai Elgezabal, Dani Ojeda (Ander Martin, 72. min); Curro Sanchez eta Fer Niño (Edu Espiau, 72. min).

Golak: 0-1, 44. min: Felix Garreta, bere atean.

Epailea: Iosu Galech Apezteguia (Nafarroako Batzordekoa). Txartel horia atera die Felix Garreta Amorebietako jokalariari (77. min) eta Haritz Mujika entrenatzaileari (92. min).