Itxi

Futbola

Hypermotion Liga

Amorebietak bolada txarrean jarraitzen du, Huescaren aurka porrot eginda (0-1)

L.U. | EITB Media

Bizkaiko taldeak 0-1 galdu du Huescako taldearen aurka, Hypermotion Ligako 14. jardunaldiko partida. Horrela, bada, Amorebietak zortzi jardunaldi egin ditu garaipenik lortu gabe.

  • Amorebieta vs Huesca

    Amorebieta vs Huesca Argazkia: @amorebieta

Amorebietak galdu egin du Huescaren aurka (1-0), igande honetan, azaroak 5, Hypermotion Ligako 14. jardunaldiko partida. Ondorioz, Zornotzako taldeak zortzi partida daramatza jarraian irabazi gabe, eta sailkapeneko 20. postuan dago, 10 punturekin, salbaziotik hiru puntura.

Berdintasuna izan da nagusi partidaren lehen zatian, bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan. Minutuek aurrera egin ahala, etxekoak eroso sentitzen hasi dira baloia atzetik jokatuta, eta 23. minutuan, Javi Avilesen urrutiko jaurtiketa kanpora joan da.

43. minutuan, Huescaren kontraeraso batean, Samu Obengek Amorebietaren atea zulatzea lortu du, baina VAReko jokaldia aztertu ostean, epaileak baliorik gabe utzi du gola, aurrelariak Erik Morani egindako falta adierazita. Era berean, epaileak partidako lehen txartel horia atera dio Obengi, area barruan zapaldu baitu.

Huesca gehiago hurbildu da aurkariaren atera, eta baloia gehiago izan du lehen zatian. Azkenean, 0-0 emaitzarekin joan dira atsedenaldira.

Bigarren zatia irekita hasi da bi taldeentzat, baina 59. minutuan, Iker Seguinek erremate bat urrundu du area barruan, eskuarekin. Epaileak zigorra ezarri du, eta Obeng aurrelariak ez du hamaika metroko puntutik huts egin. Gainera, etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da zelaian, Amorebietaren defentsak txartel gorria ikusi baitu.

Jokalari bat gutxiagorekin, Antonio Hidalgok zuzentzen duen taldea partidaren erritmoa jaisten saiatu da, partida luzatzeko eta erasoan tarteak bilatzeko. 72. minutuan, talde bisitariak bigarren gol aukera izan du, Gerard Valentinek area barruan egindako barnealdian. Etxeko atezainak oinarekin atera du jaurtiketa.

Azkenean, etxekoak saiatu dira, baina ezin izan dute, eta partida Huesca taldearen garaipenarekin amaitu da.

Gaurko emaitzarekin, Bizkaiko taldeak zortzi partida jarraian lotu ditu garaipenik lortu gabe, 24 puntu posibletik 2 lortuz. Bolada txar hori lehenbailehen eten behar du Amorebietak.

Fitxa teknikoa:

0 - SD Amorebieta: Pablo Campos; Álvaro Núñez, Manu Hernando, Félix Garreta, Seguín; Avilés (Da Graca, 75. min), Morán, Sibo, Dorrio (Alex Carbonell, 88. min), Edwards (Morcillo, 64. min) eta Eraso (Gayá, 64. min).

1 - SD Huesca: Álvaro Fernández; Gerard Valentín (Kortajarena, 75. min), Juanjo Nieto (Martos, 81. min), Rubén Pulido (Jeremy Blasco, 17. min), Jorge Pulido, Loureiro; Javi Mier (Vilarrasa, 75. min), Hashimoto; Joaquín Muñoz (Hugo Vallejo, 82. min), Javi Martínez; eta Obeng.

Golak: 0-1, 60. min: Samu Obeng, penaltiz.

Epailea: Oliver de la Fuente Ramos (Gaztela eta Leongo Batzordea). Seguin kaleratu du, 59. minutuan. Gainera, txartel horia atera die Aviles (74. min), Dorrio (78. min) eta Gaya (91. min) Amorebietako jokalariei, baita Obeng (45. min) eta Juanjo Nieto (74. min) bisitariei ere.