Itxi

Futbola

2034ko Munduko Txapelketa

2034ko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa Saudi Arabian jokatuko dute

EITB MEDIA

FIFAk iragarrita zuen txapelketa hori Asian edo Ozeanian jokatuko dutela; Australiako Federazioak asmoa zuen hautagaitza aurkezteko, baina asteartean baieztatu du ez duela egingo, eta, hortaz, Saudi Arabia da hautagai bakarra.

  • Irudian, Qatarreko Munduko Txapelketan izandako Frantzia-Ingalaterra partidako une bat (EFE).

    Irudian, Qatarreko Munduko Txapelketan izandako Frantzia-Ingalaterra partidako une bat (EFE).

2034ko gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa Saudi Arabian jokatuko dute, asteartean baieztatu dutenez; izan ere, FIFAk iragarrita zuen txapelketa hori Asian edo Ozeanian jokatuko dutela, eta Australiako Federazioak asmoa zuen hautagaitza aurkezteko, baina asteartean Australiak baieztatu du ez dela aurkeztuko, eta, hortaz, Saudi Arabia da hautagai bakarra.

Hala, asteartean, Australiako Futbol Federazioak (Football Australia) iragarri du ez duela aurkeztuko hautagaitzarik 2034ko gizonezkoen Munduko Txapelketa antolatzeko; "aukera aztertu" dute, eta "eragile guztiak" izan dituzte kontuan, erakundeak ohar bidez jakitera eman duenez.

"Football Australiaren konpromisoa da futbola hazten eta arrakasta izaten laguntzea, maila guztietan. FIFAri eta 2034ko Munduko Txapelketako balizko anfitrioiei arrakastarik handiena opa diegu, kirolaren eta hori maite dutenen mesederako", dio oharrak. Testu hori kontuan izanda, Saudi Arabiaren hautagaitzak ez du aurkaririk izango 2034ko Munduko Txapelketa antolatzeko.

Jarraian, Gianni Infantino FIFAko presidenteak Instagramen partekatu du albistea: "Lurreko ikuskizunik handiena Kanadak, Mexikok eta AEBk antolatuko dute 2026an, Ipar Amerikan. Ondorengo bi ekitaldiak Afrikan, Europan, Hego Amerikan eta Asian egingo ditugu: 2030ean, Marokon, Portugalen eta Espainian, eta hiru partida Argentinan, Paraguain eta Uruguain, eta 2034an, Saudi Arabian", adierazi du Infantinok.