Futbola
SARIA
Aitana Bonmatik eta Leo Messik irabazi dute Urrezko Baloia
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bartzelona taldeko jokalari kataluniarrak Alexia Putellas taldekide eta azken bi edizioetako irabazlearen tokia hartu du; Messik, berriz, zortzi Urrezko Baloi ditu, atzokoarekin.
-
Aitana Bonmati eta Leo Messi, Urrezko Baloia jaso ostean.
Aitana Bonmatik 2023ko Urrezko Baloia irabazi du astelehen honetan, eta Alexia Putellasen tokia hartu du, azken bi edizioetako irabazlearena, hain zuzen ere.
Munduko tenislarien sailkapeneko lehen tokian dagoen Novak Djokovic tenislari serbiarrak eman dio garaikurra Bonmatiri (25 urte). Joan den edizioan bosgarren izan zen, eta Munduko Txapelketako jokalari onena aukeratu zuten. Denboraldi osoan, 21 gol sartzeaz gain, 23 asistentzia eman zituen jokatutako 45 neurketetan.
Saria jaso osteko adierazpenetan, garaikurra taldekideei eskaini die, futbola talde kirola izanik: "Irabazitako tituluengatik ez balitz, ez nintzateke hemen egongo".
Rivas eta Cubellas futbol taldeak ere aipatu ditu hitzaldian, baita Bartzelona ere. Joan Laporta klubeko presidentea saria banatzeko ekitaldian egon da, eta hari eskertu dio emakumeen fubolaren alde egindako apustua.
Bestetik, Lionel Messi Inter Miami taldeko jokalariak zortzigarren Urrezko Baloia irabazi du, Kylian Mbappe frantziarra eta Erling Haaland norvegiarra gaindituta.
Europan jokatzen ez duen jokalari batek 1956an sortutako sari hau irabazten duen lehen aldia da. 36 urte ditu Messik, eta Qatarreko Mundu Txapelketan Argentinak lortutako garaipenean egindako lanagatik eraman du etxera Urrezko Baloia.
Jude Bellingham, Emiliano Martinez eta Erling Haaland jokalariek Kopa, Yashin eta Gerd Muller Sariak eraman dituzte, hurrenez hurren. Talde onenei dagokienez, Manchester City eta Bartzelona izan dira nagusi.