Itxi

Futbola

F Liga (6. jardunaldia)

Athleticek mendean hartu du Reala (2-1) F Ligako euskal derbian

A. B. E. | EITB Media

Zuri-gorriek 2-1 garaitu dute talde txuri-urdina, Lezaman jokatutako F Ligako 6. jardunaldiko partidan. Realak sartu du neurketako lehen gola, baina Athleticek emaitza irauli du.

1:18
Athletic vs Reala

Athleticek garaipena bereganatu du Realaren aurka (2-1), igande honetan, urriaren 22an, Lezaman jokatutako F Ligako 6. jardunaldiko euskal derbian. Ondorioz, zuri-gorriak sailkapeneko 8. postuan daude, 9 punturekin, eta txuri-urdinak 10.ean, 7rekin.

Erritmo bizia jarri diote neurketari bi taldeek, eta lehen abagunea Athleticek izan du, 2. minutuan. Nevadok ateratako kornerra Nahikarik errematatu, eta baloia Vanegasek atera du atepetik. Realaren erantzuna 11. minutuan heldu da, baina Amaiur Sarriegiren jaurtiketa kanpora joan da. Ondoren, talde zuri-gorriak beste bi abisu eman ditu: 20. minutuan, Nahikarik ez du asmatu area barrutik baloia sare barrura bidaltzen, eta, lau minutu geroago, Azkonaren errematea Lete atezainak gelditu du.

Bazirudien lehen zatia golik gabe amaituko zela, baina ez da horrela izan. 39. minutuan, abagune argia izan du Realak. Amaiur Sarriegi area barruan sartu da, eta haren errematea Landaluzek moztu du, bikain gurutzatuta. Ia jarraian, 41. minutuan, txuri-urdinek gola sartu dute. Emmak arean jarri du baloia, eta Nerea Eizagirrek ate barruan sartu du (0-1).

Gipuzkoako taldearen golarekin kolpea jaso du Athleticek, baina zuri-gorriek aurrera egin dute. David Aznarrek zuzendutako taldeak erasora jo du, eta ekinak saria jaso du 45. minutuan. Nahikari Garciak jarri du banakoa markagailuan (1-1), Itxasoren erdiraketa errematatu eta Lete gaindituta.

Atsedenaldiaren ostean, Athletici zein Realari asko kostatu zaie abaguneak sortzea. Bigarren zatian, 65. minutuan iritsi da gola egiteko lehen aukera, baina Mariasun Quiñones atezainak desbideratu egin du Bernaberen erdiraketa pozoitua.

Txuri-urdinen abisu horrek berpiztu egin du norgehiagoka. Hala, 70. minutuan, zuri-gorrien erantzuna etorri da. Pinedok jokaldi bikaina egin du, baina Letek haren jaurtiketa desbideratu du.

Neurketa berdinduta heldu da azken hamar minutuetara. Azken minutuetan, aurrerapausoa eman du Athleticek, eta gola sartu du 84. minutuan. Ane Azkonak jokaldi ona egin du eskuin hegaletik, area barruan sartu da, pasea eman du eta Jone Amezagak 2-1ekoa sartu du, area txikitik egindako jaurtiketarekin Lete gaindituta.

Azken minutuetan, Athleticek ez du asko sufritu. Reala ezinean ibili da, eta hiru puntuak Bilboko taldeak poltsikoratu ditu (2-1).

Fitxa teknikoa:

2.- Athletic: Quiñones; Elexpuru, Landaluze (Jone Amezaga, 82. min), Maddi, Nerea Nevado (Garazi Facila, 88.min); Mariana (Zugasti, 79. min), Itxaso, Zubieta, Pinedo; Azkona eta Nahikari.

1.- Reala: Lete; Emma (Mirari, 68. min), Apari, Vanegas, Bernabe; Andreia, Lorena, Franssi (Jacqueline, 85. min); Amaiur, Nerea Eizagirre (Arnaiz, 73. min) y Jensen (Viles, 68. min).

Golak: 0-1, 41. min: Nerea Eizagirre. 1-1, 45. min. Azkona. 2-1, 84. min: Jone Amezaga.

Epailea: Elena Pelaez Arnillas.