Itxi

Futbola

2024KO EUROKOPA

Oihan Sancet, De la Fuenteren deialdiko berritasun nagusia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Luis de la Fuente Espainiako futbol-hautatzaileak lehen aldiz deitu du Athleticeko erdilaria. Berarekin batera honako beste euskal jokalariak ere zerrendan daude: Simon eta Williams (Athletic), Merino, Oyarzabal, Zubimendi (Reala), Garcia (Osasuna) eta Arrizabalaga (Real Madril).

  • Oihan Sancet, Cadizen aurkako neurketa batean. Artxiboko argazkia: EFE

    Oihan Sancet, Cadizen aurkako neurketa batean. Artxiboko argazkia: EFE

Oihan Sancet Athletic Clubeko erdilari nafarra da Luis de la Fuente gizonezkoen futboleko hautatzaileak Eskoziaren eta Norvegiaren aurkako partidak jokatzeko prestatu duen 24 jokalariko zerrendako berritasun nagusia. Aipatu neurketak datorren hastean jokatuko dira, eta 2024ko Alemaniako Eurokoparako sailkapen faseari dagozkionak dira.

Sancetez gain, entrenatzaile errioxarrak beste hainbat euskal jokalari sartu ditu bere deialdian: Unai Simon eta Nico Williams (Athletic); Mikel Merino, Mikel Oyarzabal, Martin Zubimendi (Reala); David Garcia (Osasuna), eta Kepa Arrizabalaga (Real Madril).

Era berean, De la Fuenteren zerrendan Realeko Robin Le Normand (Reala) erdiko atzelaria ere ageri da.

Espainiako selekzioak Eskoziaren aurka neurtuko ditu indarrak datorren ostegunean, urriaren 12an, Sevillako Cartuja estadioan, eta, hiru egun geroago, urriaren 15ean, Norvegiako selekzioaren aurka arituko da Oslon.

DEIALDIA:

ATEZAINAK: Unai Simón (Athletic Club), Kepa Arrizabalaga (Real Madrid) eta David Raya (Arsenal).

ATZELARIAK: Jesús Navas (Sevilla), Robin Le Normand (Real Sociedad), Alejandro Balde (FC Barcelona), Aymeric Laporte (Al-Nassr), Dani Carvajal eta Fran García (Real Madril), David García (Osasuna) eta Pau Torres (Aston Villa).

ERDILARIAK: Rodri Hernández (Manchester City), Martin Zubimendi eta Mikel Merino (Real Sociedad), Gavi (Bartzelona), Fabián Ruiz (PSG) eta Oihan Sancet (Athletic Club).

AURRELARIAK: Lamine Yamal eta Ferran Torres (FC Barcelona), Álvaro Morata (Atlético de Madrid), Mikel Oyarzabal (Real Sociedad), Nico Williams (Athletic Club), Joselu (Real Madrid) eta Yéremi Pino (Vila-real).