Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Girona Lehen Mailako aurreneko postuan jarri da, historian estreinakoz

EITB MEDIA

EA Sports Ligan orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan, Michelen taldeak 19 puntu lortu ditu; izan ere, sei partida irabazi ditu, eta bat berdindu du. Hala, sailkapeneko liderra da, Real Madrilen eta Bartzelonaren aurretik; horiek 18 eta 17 puntu dituzte, hurrenez hurren.

  • Gironako jokalariak, denboraldi honetako gol baten ostean. Argazkia: EFE.

    Gironako jokalariak, denboraldi honetako gol baten ostean. Argazkia: EFE.

Girona, asteazkenean Vila-realen 1-2 irabazita, Lehen Mailako sailkapeneko lehen postuan jarri da, historian estreinakoz. Hain zuzen ere, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligan orain arte jokatutako zazpi jardunaldietan, Miguel Angel Sanchez Michelen taldeak 19 puntu lortu ditu; izan ere, sei partida irabazi ditu, eta bat berdindu du. Hala, sailkapeneko liderra da Girona, Real Madrilen eta Bartzelonaren aurretik; horiek 18 eta 17 puntu dituzte, hurrenez hurren, eta bigarren eta hirugarren tokietan daude.

1930ean sortu zuten Girona, eta 2017-18 denboraldian estreinatu zen Lehen Mailan. Denboraldi hartan, Kataluniako taldea hamargarren postuan sailkatu zen; hurrengo denboraldian, baina, Bigarren Mailara jaitsi zen, Liga hamazortzigarren tokian amaituta. 2019-20 eta 2020-21 denboraldietan aurki izan zuen Gironak Lehen Mailarako igoera, eta 2021-22an gauzatu egin zuen. 2022-23 denboraldian, berriro ere, hamargarren postua lortu zuen Gironak Lehen Mailan, eta azken partidara arte izan zuen aukera Konferentzia Ligara sailkatzeko.

Hasi berri den denboraldian, Gironak Reale Arenan jokatu zuen lehen partidan, eta puntu bat urratu zuen, Realaren aurka. Reala da, hain zuzen ere, Gironaren kontra porrota eragotzi duen talde bakarra; izan ere, ondorengo sei partidak irabazi egin ditu Gironako taldeak. Hauek izan dira menderatutako taldeak: Getafe (3-0), Sevilla (1-2), Las Palmas (1-0), Granada (2-4), Mallorca (5-3) eta Vila-real (1-2). Emaitza bikain horiek eraman dituzte Michelen gizonak lehen postura; guztira, 18 gol sartu dituzte, eta soilik zortzi jaso.

Ligako historian, orain arte, 26 taldek zuten lortuta sailkapeneko lehen postuan bakarka izatea; Girona, hortaz, hori erdiesten duen 27. taldea da. Egun, Europako bost liga nagusiak kontuan izanik, inork ez du sartu Gironak baino gol gehiago; Bartzelonak, Premier Leagueko Brightonek eta Bayern Munichek ere 18 egin dituzte. Horrez gain, Kataluniako taldeko 11 jokalarik sartu dute, oraingoz, gutxienez gol bat; hauek dira: Stuani, Dovbyk, Savio, Ivan Martin, Yangel Herrera, Aleix Garcia, Tsygankov, Portu, Yan Couto, David Lopez eta Eric Garcia. Soilik Bartzelonan eta Newcastlen daude ia hainbeste futbolari goleatzaile, hamarna bi talde horietan, baina inon ez daude horrenbeste edo gehiago.

Michel entrenatzailearen iritziz, Gironak une historiko hau "gozatu" behar du: "ez da erraza lortzea sei garaipen jarraian Lehen Mailan", adierazi du. Madrilgo teknikariaren burua larunbateko Girona-Real Madril partidan dago, dagoeneko (18:30ean jokatuko dute, Montilivi futbol zelaian): "Neurketa ederra izango da, aurkaria munduko talderik onenetakoa da, eta gu lider gisa joango gara", zehaztu du.