Itxi

Futbola

Liga

Getafek jokalarien eta lantaldearen aurkako "kantu iraingarriak eta irainak" salatu ditu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

San Mamesen Athleticen aurka jokatutako partidaren biharamunean kaleratu du oharra Madrilgo taldeak. Greenwood eta Bordalasen aurko oihuak entzun ziren berriz ere.

  • Getafe taldearen irudia, Athleticen kontrako partidan, San Mamesen. EFE

    Getafe taldearen irudia, Athleticen kontrako partidan, San Mamesen. EFE

Getafe taldeak lehen mailako partidetan behin eta berriz entzuten ari diren "kantu onartezinak eta irain larriak" salatu ditu ostegun honetan argitaratutako ohar batean. "Jokalarien zein lantaldeko kideen irudia kaltetzen" dutela azaldu du; klubak horien ohorea defendatu nahi du, "ahotsa altxata".

Athleticen aurkako ligako neurketaren biharamunean eman du adierazpenaren berri Madrileko klubak. Besteak beste, "Greenwood, hil zaitez" oihukatu zuten harmailetatik, Mason Greenwood Getafeko jokalariari aipamena eginez. LaLigak Lehiaketa Batzordearen aurrean salatu ditu kantu horiek. 

Manchester United taldetik etorri zen Getafera Greenwood denboraldi hasieran. 2022an, Ingalaterrako taldetik at utzi zuten, bikotekide ohiak indarkeria matxistagatik salatu ostean. Ondoren, nahiz eta karguak erretiratu, klubak ez zuen jokalaria deialdian gehiago sartu.

Era berean, oihu horiexek salatu zituen LaLigak Getafe eta Realaren arteko partidaren ostean ere. "Bordalas, putakumea" eta "Getafe zikina" ere abestu zituzten zaleek. Hori baino aste batzuk lehenago, Osasunaren kontrako norgehiagokan, Alfonso Perez zelaian, Nafarroako taldeko zenbait zalek ere Bordalasek zuzentzen dituen jokalarien aurka egin zuten.

Ostegun honetako agirian, abesti horiek "iraingarriak ez ezik, gizalegezko testuingurutik kanpo" daudela iritzi dio klubak. Gaineratu duenez, "adierazpen-askatasun gisa kirol-ikuspegitik errespetatzen ditugun kritikak gehitu behar zaizkio egoera horri; dena den, ezin ditugu onartu, kritika horiei irainak eta errespetu faltak gehitzen bazaizkio".

Azkenik, "indarkeria, arrazakeria eta xenofobia" gaitzetsi ditu Getafek, baita "kirolarekiko intolerantzia ere".