Futbola
NEGREIRA AUZIA
Guardia Zibilak Federazioko Arbitroen Batzorde Teknikoaren bulegoak miatu ditu
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aldi berean, Negreira auziko instrukzio-epaileak funtzionario-eroskeria delitua egotzi dio Bartzelonari, iturri juridikoek gaineratu dutenez.
-
Espainiako Futbol Fedeazioko bulegoak. Argazkia: EFE
Guardia Zibila Arbitroen Batzorde Teknikoaren (CTA, gaztelaniazko sigletan) bulegoak miatzen ari da ostegun honetan, Espainiako Futbol Federazioak Las Rozasen (Madril) dituen bulegoetan, Negreira auziari buruz irekitako ikerketa judizialarekin lotutako dokumentazioa biltzeko.
Ikerketako iturriek EFEri jakinarazi diotenez, Bartzelonako Polizia Judizialaren Unitateko Delitu Ekonomiko eta Teknologikoen Taldeko kideak 9:00ak aldera agertu dira Federazioaren egoitzan, Arbitroen Batzorde Teknikoaren bulegoetan dokumentuen bila.
Miaketarekin batera, epaileak autoa kaleratu du, eta funtzionario-eroskeria egotzi die kasuan ikertutako Bartzelonako zuzendariei, bai eta klubari berari, erakunde juridiko gisa, zein Jose Maria Enriquez Negreira CTAko presidenteorde ohiari eta haren semeari, Javier Enriquez Romerori.
Horrela, funtzionario-eroskeriaren delitua orain arte ikertzen ari ziren honako beste delitu hauei gehitzen zaie: kirol-arloan egindako partikularren arteko ustelkeria-delitua, administrazio desleiala, merkataritza-dokumentuan faltsutasuna eta kapitalak zuritzea.
Joan den irailaren 5ean, Negreira auzia ikertzen ari den Bartzelonako epaileak erabaki zuen Bartzelonak "ordaintzeko ohiko metodoa" erabilita norgehiagoka zehatz baterako arbitrorik erosi izanaren zantzurik ez zegoela; aitzitik, "zilegi ez den ordainketa modu berritzaile bat" aipatzen zuen, "balizko ustelkeria sistemiko" baten bidez, arbitroak kalifikatu eta izendatzean.
Bartzelonako 1 zenbakidun instrukzio-epaitegiko titularrak aitortu duenez, oraingoz ezin izan dute argitu zein izan zen Jose Maria Enriquez Negreira Arbitroen Batzorde Teknikoko (CTA) presidenteorde ohiak eta haren semeak 2001 eta 2018 urteen artean Bartzelonak ordaindu zizkien 7 milioi euroei emandako erabilera.
Epailearen aburuz, auzi honetan "futboleko arbitroei zilegi ez den ordainsaria emateko modu berritzailea" ematen da, "CTAren barruan egon zitekeen ustelkeria sistemikoaren" testuinguruan, Negreira erakunde horretako presidenteordea zen garaian, eta Bartzelonak zazpi milioi euro inguru ordaindu zizkion, Kataluniako taldearen arabera, arbitroei eta arbitrajeei buruzko txostenak egin zitzan.