Futbola
Espainiako selekzioa
Espainia eta Suedia 'Amaitu da. Gure borroka globala da' leloa daraman pankartarekin atera dira partidara
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Suediako zaleek ere pankartak egin dituzte munduko txapeldunei babesa erakusteko. Bi selekzioek elkarren aurka jokatu duten norgehiagoka espainiarraren garaipenarekin amaitu da (2-3).
-
Espainiako eta Suediako jokalariak pankartarekin. Argazkia: EFE.
Espainiako selekzioak eta Suediakoak 'Amaitu da. Gure borroka globala da' leloa daraman pankarta batekin atera dira zelaira ostiral honetan Goteborgeko Gamla Ullevi estadioan jokatu duten Nazioen Ligako partida hasi aurretik.
Eskandinaviako zaleek Espainia txalotu dute zelaira salto egin dutenean, eta estadioko megafoniak izendatzen zuen bakoitzean, eta pankartak egin dituzte munduko txapeldunei babesa erakusteko.
Lelo hori bera zegoen estadioaren albo batean, suediar koloredun pankarta handi batean, atzealde horiarekin eta letra urdinekin, eta alboetan Espainiako bandera.
Suediako zaleen pankarta bat. Argazkia: EFE
Gainera, harmailetan 'Zuekin, Jenni (Hermoso) eta Espainiako selekzioa' zioen beste bat ere ikusi ahal izan da, bi herrialdeetako banderen ondoan.
Suediako zaleen pankarta bat. Argazkia: EFE
Suedia 2-3 Espainia
Mariona Caldenteyk 96. minutuan penaltiz sartutako golak, Amaiur Sarriegik eragindakoa, garaipena eman dio ostiral honetan Espainiari Suediaren aurka (2-3) Nazioen Ligako debutean.
Magdalena Erikssonek aurretik jarri ditu suediarrak 23. minutuan, baina Espainiak emaitza irauli du Athenea del Castilloren eta Eva Navarroren golei esker. Amanda Ilestedtek partida berdindu du berriro luzapenean, baina azken minutuan Caldenteyk gola sartu du bere selekzioari garaipena emateko.
Espainiako selekzioko jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE