Futbola
Espainiako selekzioa
Espainiako selekzioak deitutako jokalariek berretsi egin dute ez dutela nahi deialdian izatea
EITB MEDIA
"Eskatuta genuen zerrendan ez izatea, baina Espainiako Federazioak jarri egin gaitu; horren balizko lege ondorioak aztertuko ditugu", adierazi dute futbolariek. Halaber, zehaztu dute deialdia ez dutela behar bezala egin, eta, hortaz, "RFEFk ezin digu galdegin joan gaitezela".
-
Futbolariek azken orduan zabaldu dute oharra. Argazkia: EFE.
Montse Tome Espainiako futbol selekzioaren entrenatzaile berriak astelehen arratsaldean emandako zerrendan dauden jokalariek berretsi egin dute ez dutela nahi deialdi horretan izatea. Asteleheneko azken orduan zabaldutako ohar baten bidez, futbolariek, halaber, nabarmendu dute "eskatuta" zutela "zerrendan ez izatea", baina Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) jarri dituela zerrenda horretan: "Horren balizko lege ondorioak aztertuko ditugu", ohartarazi dute, eta zehaztu ere zehaztu dute deialdia ez dutela behar bezala egin: "Hortaz, RFEFk ezin digu galdegin joan gaitezela", azpimarratu dute.
Testuinguru horretan, jokalariek adierazi dute aurreko ostiralean zabaldutako oharrean esan zutenak "guztiz argi" uzten duela "gure nahia dela deialdian ez sartzea, argudiatutako arrazoiengatik. Baieztapen horiek erabat indarrean jarraitzen dute".
Esan dutenez, ondorengo egunetan "RFEFk ez digu bestelako ezer helarazi"; horren ondorioz, eskatu dute, oharrean, "zabaldutako informazioa zehatza izan dadila".
"Guk, eliteko jokalari profesionalak garen heinean, eta gaurko egunean jazotakoaren ostean, aztertuko dugu zer ondorio legal izan lezakeen honek, alegia, RFEFk jarri gaituela zerrenda horretan, nahiz eta eskatuta genuen deialdian ez sartzea. Hala, gure etorkizunerako eta gure osasunerako erabakirik onena hartu ahalko dugu".
Halaber, jokalarien iritziz, deialdia ez da modu egokian egin, kontuan izanik FIFAren araudia; hain zuzen ere, Jokalarien Estatutuaren eta Transferentziaren Arauaren Eranskin bateko artikulu jakin bat aipatu dute: "Denborari eta moduari erreparatuta, deialdia ez da zuzen egin; beraz, Federazioak ezin digu galdegin deialdia horretara joatea".
"Beste behin, deitoratzen dugu gure Federazioak nahiko ez genukeen egoeran jartzea", amaitu egin dute.