Itxi

Futbola

Kudeaketa batzordeko burua

Pedro Rochak gidatuko du Espainiako Futbol Federazioaren "trantsizio prozesua"

EITB Media

Rocha izango da kudeaketa batzordeko presidentea hauteskundeetara arte. Gainera, Federazioak iragarri du aldaketa sakonak egingo dituela modu mailakatuan.

  • Pedro Rocha

    Pedro Rocha, Espainiako Futbol Federazioko kudeaketa batzordeko presidentea. Argazkia: EFE

Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) ostiral honetan, irailaren 15ean, jakinarazi duenez, Pedro Rocha izango da Federazioaren kudeaketa batzordeko presidentea hauteskundeetara arte. Hala erabaki du zuzendaritza batzordeak Lurralde eta Erkidegoetako presidenteekin batera. Beraz, Rochak gidatuko du "trantsizio prozesua".

"Espainiako Futbol Federazioak publikoki erakutsi nahi du beharrezkoak diren aldaketak egiteko konpromisoa. Aldaketak beharrezkoak direla argi daukagu, eta ahalik eta azkarren aurrera ateratzen saiatuko gara. Aldaketok, ordea, modu mailakatuan egin behar dira", adierazi du Pedro Rochak.

Kudeaketa batzordeko presidenteak honako hau ere azpimarratu du: "Hasieratik ekin behar diogu lanari. Espainian aldaketak behar ditu futbolak, duintasuna eta sinesgarritasuna berreskuratzeko Munduko Txapelketa irabazi ostean eman diren gertakari guztien ostean. Erakunde hau pertsonen gainetik dago, eta beharrezkoa da sendotasuna mantentzea. Hori lortzeko lan egingo dugu; lehenengo egonkortzeko, eta, ondoren, aurrerapausoak emateko".

Horrez gain, Rochak elkarrizketarako deia egin du, Espainiako selekzioak Munduko Txapelketa irabazi eta gero emandako gertaerak berriz errepika ez daitezen. Gainera, munduko txapeldunekiko konpromisoa sendotuko duela ere iragarri du.

"Hori guzti hori lortzeko jokalarien, komunikabideen eta gizartearen laguntza beharko dugu. Asko dagoela jokoan barneratu behar dugu", esan du Rochak Montse Tome hautatzaile berriak eskaini beharreko deialdia epemugarik gabe atzeratu behar izanari erreferentzia eginez.