Futbola
F Liga
Asteartean jakingo dugu F Liga asteburuan hasiko den ala futbolariek greba deialdiari eutsiko dioten
EITB MEDIA
Astelehenean jokalarien sindikatuek eta F Ligako ordezkariek egin duten bileran ez da akordiorik izan; hala, asteartean, Esku Hartze eta Arbitraje Zerbitzuan batzartuko dira, eta bilera horren ostean jakinaraziko dute Liga ostiralean hasiko den ala ez.
-
Realeko eta Athleticeko jokalari batzuk, EH Kopako finala hasi aurretik. Argazkia: EITB Media.
Asteartean, hilaren 5ean, jakingo dugu F Liga asteburuan hasiko den ala futbolariek ostiralean iragarritako greba deialdiari eutsiko dioten; deialdi hori Ligako aurreneko bi jardunaldietarako da. Astelehenean jokalarien sindikatuek (AFE, FUTPRO, Futbolistas ON, UGT eta CCOO) eta F Ligako ordezkariek egin duten bileran ez da akordiorik izan, eta, hala, asteartean, Bitartekaritza eta Arbitrajeko Konfederazioarteko Zerbitzuan (SIMA) batzartuko dira, eta bilera horren ostean jakinaraziko dute Liga ostiralean hasiko den ala ez.
Jokalarien sindikatuek ostiralean argitaratu zuten agirian azpimarratu zutenez, F Ligako "klub eta kirol elkarte anonimoetan lan egiten duten futbolari guztiak" deitu dituzte grebara, eta "Hitzarmen Kolektiboaren negoziazioen geldialdiaren emaitza da". "Negoziazioen helburua da futbolarientzako tratu bidezkoa eta duina lortzea, soldata-arrakala aztertzea eta murriztea", gaineratu dute.
"AFE sindikatuak azpimarratu nahi du futbolarien eta, batez ere, etorkizuneko lan-eskubide legitimoak defendatzen ari dela grebarako eskubide legitimoaren bidez, belaunaldi berriei mesede egiteko konpromisoa erakutsiz", adierazi du AFEk berak horren inguruan.