Itxi

Futbola

2023ko Munduko Txapelketa

Irene Paredes eta Oihane Hernandez, munduko txapeldunak Espainiako selekzioarekin

EITB Media

Euskal jokalariek 2023ko Munduko Txapelketa irabazi dute Espainiarekin, finalean Ingalaterra mendean hartuta 1-0eko emaitzarekin.

  • Espainia

    Espainiako selekzioko jokalariak, MUnduko Koparekin. Argazkia: EFE

Irene Paredes eta Oihane Hernandez euskal jokalariek 2023ko futboleko Munduko Txapelketa irabazi dute Espainiako selekzioarekin, igande honetan, abuztuaren 20an, finalean Ingalaterra mendean hartuta (1-0).

Final handiko lehen abagunea Ingalaterrak izan du 15. minutuan, baina Lauren Hempen jaurtiketa zutoinera joan da. Beranduago, 29. minutuan, Espainiak erantzun du, eta nola gainera: Olga Carmonak 1-0ekoa jarri du markagailuan. Goleko jokaldiaren hasiera Aitanak lapurtutako baloi bati esker hasi da; ondoren, pase luzea eman dio Tereri, hark Marionari eta Olgak amaiera bikaina eman dio, jaurtiketa gurutzatuarekin gola sartuta.

Horrenbestez, Espainia gol bateko abantailarekin iritsi da atsedenaldira.

Bigarren zatian erasokorrago zelairatu da Ingalaterra, baina, pixkanaka-pixkanaka, Espainia baloiaren jabe egin da. Gainera, selekzio espainiarrak finala erabakita uzteko aukera izan du, baina Mary Earps atezainak gelditu egin du Jenni Hermosoren penalti jaurtiketa.

Earpsen geldiketak hauspotu egin du Ingalaterra, baina Espainia bikain ibili da defentsako lanean eta ondo eutsi dio aurkariari. Ondorioz, amaieran, Espainia garaile (1-0).

Fitxa teknikoa:

1. Espainia: Cata Coll; Ona Batlle, Irene Paredes, Laia Codina (73. min, Ivana Andrés), Olga Carmona; Teresa Abelleira, Aitana Bonmati; Jenni Hermoso, Alba Redondo (60. min, Oihane Hernandez), Mariona Caldentey (90. min, Alexia Putellas), Salma Paralluelo.

Hautatzailea: Jorge Vilda.

0. Ingalaterra: Mary Earps; Jess Carter, Alex Greenwood, Millie Bright; Lucy Bronze, Rachel Daly (46. min, Chloe Kelly), Ella Toone (87. min, Beth England), Georgia Stanway, Keira Walsh; Alessia Russo (46. min, Lauren James), Lauren Hemp.

Hautatzailea: Sarina Wiegman.

Gola: 1-0, 29. min: Olga Carmona.

Epailea: Tori Penso. ATxartel horiak atera dizkie Lauren Hemp eta Salma Paralluelo jokalariei.