Itxi

Futbola

BEDERATZI HILABETEREN OSTEAN

Julen Lopeteguik Wolverhamptoneko entrenatzaile izateari utzi dio

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Entrenatzaile gipuzkoarrak eta klubeko agintariek "hainbat desadostasun izan dituzte gai jakin batzuei buruz", eta horrek eragin du erabaki hori hartzea.

  • Julen Lopetegui. Artxiboko argazkia: EFE

    Julen Lopetegui. Artxiboko argazkia: EFE

Julen Lopetegui entrenatzaile gipuzkoarrak Wolverhampton Wanderers taldeko entrenatzaile izateari utzi dio bart, talde ingelesak berak bere webgunean jakinarazi duenez. Izan ere, Wolverhamptonek plazaratutako oharrean, klubak berak onartu egin du "hainbat desadostasun" izan direla teknikariaren eta klubaren artean 2023-24 denboraldia prestatzeko garaian.

Lopetegui azaroan hasi zen Wolves entrenatzen, eta taldeak Premier Leaguen jarraitzea lortu zuen.

"Hala ere, entrenatzaileak eta klubak aitortu eta onartu egin zuten desadostasunak zituztela hainbat konturen gainean, eta adostu zuten kontratua modu adiskidetsuan amaitzea zela alde guztientzako konponbiderik onena", adierazi du klubak, web orri ofizialean.

"Elkarrizketak azken asteotan izan dira, eta errespetua eta zintzotasuna nagusitu dira horietan; horrek denbora eman dio klubari ondorengo baten bila hasteko, eta, halaber, Julenek eta taldeak aukera izan dute prestaketarekin jarraitzeko, jokalariak Premier Leagueko denboraldiaren hasierarako baldintza ahalik eta onenetan izan daitezen", gehitu du Wolverhamptonek.

Lopetegui Wolves entrenatzen hasi zenean, talde hori Premier Leagueko azken postuan zegoen. Iritsi zenetik, baina, Ligako bederatzi partida irabazi zituen, besteak beste Liverpool eta Tottenham taldeen aurkako neurketak, eta, horrenbestez, Ingalaterrako futbolaren goreneko mailan jarraituko du. Wolverhampton seigarren denboraldiz jarraian lehiatuko da Lehen Mailan.

Lopeteguirekin batera, bere lankide hauek ere utziko dute kluba: Pablo Sanz, Juan Peinado, Oscar Caro, Edu Rubio, Borja de Alba Alonso eta Daniel Lopetegui.