Itxi

Futbola

Munduko Txapelketa

Damaris Egurrolaren Herbehereak izango dira Espainiaren hurrengo aurkaria, Hegoafrikari irabazita (2-0)

Agentziak | EITB Media

Final-zortzirenetako beste partidan ezustekoa izan da, AEB egungo txapelduna lehiaketatik kanpo geratu baita Suediarekin penaltietan galduta. Arauzko denbora hutsean amaitu dute.

  • Damaris Egurrola, bere taldearen goletako bat ospatzen

    Damaris Egurrola, bere taldearen goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

Damaris gurrola Athleticeko jokalari ohiaren Herbeheretako selekzioa izango da Espainiaren aurkaria Munduko Futbol Txapelketako final-laurdenetan. Herbeherek Hegoafrika kanporatu dute final-zortzirenetan 2-0 irabazita.

Jill Roord Wolfsbugo talde alemaniarreko jokalariak egin du partidako lehen gola 9. Minutuan, korner baten ondorioz. Bere laugarren gola egin du aurtengo mundialean, eta bere taldearen hamaikagarrena.

Golak Hegoafrikako selekzioren erreakzioa ekarri du, eta baloiaren jabetza txikiagoa izan arren (30-70), bi aukera argi izan dituzte berdinketa lortzeko. Hala ere, Daphne van Domselaar atezaina bikain aritu da atepean eta aukera guztiak zapuztu ditu.

Atsedenaldiaren ostean, Herbeherek euren nagusitasuna agerian utzi dute Lineth Beerensteynek baloia langara jaurti eta aldaratzean bigarren gola eginda, Kaylin Swat atezainak huts egin ostean.

2 eta 0ekoari esker, Herbehereak final-laurdenetan dira. Damaris Egurrolak partidako azken 15 minutuak jokatu ditu.

AEB, kanporatuta

AEBeko selekzioa Munduko Txapelketatik kanpo geratu da, final-zortzirenetan Suediarekin penaltietan galdu ostean. Estatu Batuarrek penaltietan galdu dute kanporaketa (0-0, 5-4). Suediarrek Japoniaren aurka jokatuko dute final-laurdenetan.

Estatu Batuarren kanporatzea ezustekoa izan da, orain arte jokatutako Munduko Txapelketa guztietan finalerdietaraino iritsi baitira. Horrez gain, lau aldiz irabazi dute mundiala (1991, 1999, 2015 y 2019). Gaurkoan, aldiz, Suediak neurria hartu die eta ezin izan dute aurrera egin. Suedia hirugarren izan zen Frantzia 2019an.