Futbola
Multzoen fasea
Filipinek ezustean harrapatu dute Zeelanda Berria (0-1) eta Suitzak Norvegiari eutsi dio (0-0)
Agentziak | EITB Media
Emaitza hauekin, A Multzoan Suitza da liderra lau punturekin eta Norvegia azken postuan da, puntu bakarrarekin.
-
Sarina Bolden, Filipinek Zeelanda Berriari sartutako gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Australia eta Zeelanda Berriko Munduko Txapelketrako A Multzoan oso estua da final-zortzirenetarako sailkatzeko lehia, astearte honetan Filipinek Zeelanda Berriari 0-1 irabazi ostean eta Suitzaren eta Norvegiaren arteko neurketa hutsean bukatu ostean.
Iragan ostegunean Norvegiari irabazita historia egin ostean, Zeelanda Berriko taldeak eta haren zaleek zaplaztekoa hartu dute Filipinak debutariaren aurka galduta. Filipinarrek Suitzaren aurka galtzetik zetozen.
Hala ere, asiarrek ondo kudeatu dute presioa eta Munduko Kopan oreka nagusi dela berretsi duten. 24. minutuan, Sarina Bolden bere herriko futbolaren historia sartu da final-zortzirenekin amets egiteko urrezko hiru puntu balio dituen gola eginez. Txapelketan debuta egin duten zortzi selekzioen artean lehen garaipena lortu dute Filipenetako jokalariek.
A Multzoko beste partidan, Suitzak puntu garrantzitsua lortu du Norvegiaren aurka eta norvegiarrak egoera zailean utzi dituzte. Puntu bakarra dute eta Filipinen aurka garaipena behar dute, derrigorrez.
Norvegiarrak hasieratik saiatu dira, Caroline Graham Hansen eserlekuan geratu da eta Ada Hegerbergek, min hartuta, ezin izan du jokatu. Gola egiteko aukera onenak eurenak izan dira, baina Gaelle Thalmann Betiseko atezain ohiak neurketa bikaina egin du, norvegiarren aukerei maisuki erantzunda. Suitzarrek nahikoa dute azken jardunaldian Zeelanda Berriaren aurka puntu bat lortzearekin final-zortzirenetan sartzeko.