Futbola
FITXAKETA
Amorebietak Javier Eraso gehitu du taldera
EITB MEDIA
Erdilari nafarra Osasunaren eta Athleticen harrobietan hazi zen, eta Bizkaiko taldera helduko da Zipreko Akritas Chlorakas taldetik.
-
Javier Eraso. Argazkia: Amorebieta
Amorebietak Javier Eraso Goñiren (Iruñea, 1990-03-22) fitxaketaren berri eman du asteazken honetan. Erdilari nafarrak ia ehun partida jokatu ditu Lehen Mailan hainbat denboralditan zehar, eta Zipreko Ligako Akritas Chlorakas taldetik iritsiko da Zornotzara.
Jokalari urdin berria Osasunako eta Athleticeko harrobietan hazitakoa da, eta 2013ko udan, Bilbao Athleticekin zuen kontratua bukatzean, Leganesera joan zen. Madrileko taldearekin Bigarren Mailara igotzea lortu zuen bere lehen denboraldian, eta bigarrenean 39 partida jokatu zituen.
Leganesen egindako lan onak Athleticeko lehen taldera bueltatzeko balio izan zion, 2015-2016 eta 2016-2017 denboraldietan. Bere ibilbidea zuri-gorri gisa bukatu zuenean Leganesera itzuli zen, eta bost denboraldi egin zituen han: hiru Lehen Mailan eta bi Bigarren Mailan. Aurreko udan Zipren esperientzia berria hasi zuen: Akritas Chlorakasen urte bat baino ez du eman, baina 36 partida ofizial jokatu ditu, sei gol sartu eta bi asistentzia eman.