Futbola
Bigarren Maila
Amorebietak Moran fitxatu du, Felix izango du utzita, eta Magunagoitia, Marino, Dorrio eta Sibo berritu ditu
EITB MEDIA
Erik Moran Ponferradinatik iritsi da, eta Felix, ordea, Betisek utzita. Magunagoitiak, Marinok, Dorriok eta Sibok, aldiz, Amorebietarekin Bigarren Mailan jokatzeko aukera izango dute, kontratuak berrituta.
-
Erik Moran Amorebietan arituko da 2023-24 denboraldian. Argazkia: SD Amorebieta.
Amorebietak Erik Moran erdilaria fitxatu du, Felix Marti Garreta erdiko atzelaria izango du taldean, Betisek utzita, eta Jon Mikel Magunagoitia eta Unai Marino atezainak, Kwasi Sibo erdilaria eta Josue Dorrio hegalekoa berritu ditu, Zornotzako klubak azken orduetan iragarri duenez.
Erik Moran, 32 urtekoa bera, Amorebietak 2023-24 denboraldiari begira fitxatutako lehen jokalaria da. Athleticen hazi zen futbolari gisa portugaletetarra, eta 23 partida ofizial jokatu zituen zuri-gorrien lehen taldean. Lehen eta Bigarren Mailan du esperientzia, Leganesen, Zaragozan, Malagan, AEK Atenasen, Numantzian eta Ponferradinan ibili baita. Azken klub horretan eman ditu aurreko hiru denboraldiak, 2020tik, eta esperientzia hori oso baliotsua izango da Amorebietarentzat, kontuan izanik Haritz Mujikaren taldeak Bigarren Mailan jokatuko duela 2023-24 denboraldian.
Felixek, ordea, utzita jokatuko du Amorebietan; izan ere, jokalaria, 19 urtekoa bera, Betisekoa da, eta 2022-23 denboraldian Lehen Malan estreinatu zen; orain, Urritxeko taldean ibiliko da, Bigarren Mailan, denboraldi berrian.
Berritzeei dagokienez, Amorebietak lau jokalarik jarraitzea ziurtatu du; horietako hiru, Magunagoitia, Sibo eta Dorrio hain zuzen, partida gehienetan ibili ziren, 2022-23 denboraldian, hasierako hamaikakoetan; Marino, aldiz, 2021-22 denboraldian ere aritu zen Amorebietan, taldea Bigarren Mailan zela.