Itxi

Futbola

Azken jardunaldia

Osasunak jokatuko du Konferentzia Liga, eta Athletic Europatik kanpo geratu da

Agentziak | EITB Media

Nafarrek 2-1 irabazi diote Gironari, Budimirren bi golei esker. Bilbotarrek, aldiz, 1-1 egin dute Bernabeun, Real Madrilekin, Sanceten gol batekin markagailuan aurreratu ostean.

  • Osaunako jokalariek, Budimirren goletako bat ospatzen

    Osaunako jokalariek, Budimirren goletako bat ospatzen. Argazkia: Efe.

Osasunak jokatuko du Konferentzia Liga datorren denboraldian, Gironari 2-1 irabazita, eta, ondorioz, Ligako sailkapenean zazpigarren eginda. Athleticek, aldiz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan du, eta Europan jokatzeko txartelik gabe geratu da, Real Madrilekin Santiago Bernabeun berdindu ostean.

Ante Budimirrek egindako bi golek hiru puntuak eman dizkio Osasunari, Sadarren, Gironaren aurka jokatutako partidan (2-1). Ondorioz, nafarrek jokatuko dute Konferentzia Liga datorren denboraldian.

Lehen zatia golik gabe amaitu da, eta nafarrak partidaren bila atera dira atsedenaldiaren ostean. 52. minutuan, Budimirrek Kike Barjaren pase bat jaso ostean, partidako lehenengo gola egin du.

Bigarrena minutu gutxi batzuk geroago egin du Budimirrek berak, baloia buruarekin errematatuz, eta Sadarrek sekulako txalo zaparrada eman dio jokalariari.

Emaitza horri esker, 16 urteren ostean, Osasunak Europan jokatuko du, egindako denboraldi bikaina biribilduta. Arrasateren taldeak ametsari eutsi dio.

Fitxa teknikoa

2 - Osasuna: Aitor Fernandez; Ruben Peña, Aridane, David Garcia (Juan Cruz, 6. min), Manu Sanchez; Lucas Torró, Moncayola (Moi Gomez, 84. min), Aimar Oroz; Kike Barja (Ruben Garcia, 70. min), Budimir (Chimy Avila, 69. min) eta Abde (Pablo Ibañez, 84. min).

1 - Girona: Gazzaniga; Arnau, Bernardo (Couto, 64. min), David Lopez, Miguel (Javi Hernández, 86. min); Tsygankov, Ivan Martin, Oriol Romeu, Herrera (Aleix Garcia, 58. min), Riquelme (Stuani, 59. min); eta Castellanos (Reinier, 64. min).

Golak: 1-0, 52. min: Budimir. 2-0, 55. min: Budimir. 2-1, 75. min: Reinier.

Epailea: Ortiz Arias (Madrilgo Batzordekoa). Txartel horia atera die Osasunako Moncayolari eta Gironako Herrera, Bernardo, Gazzniga eta Coutori.

Athletic, saririk gabe

Athletic Europatik kanpo geratu da, Real Madrilekin bana eginda, Santiago Bernabeu zelaian jokatutako 38. eta azken jardunaldiko partidan. Azkenean, zuri-gorriek zortzigarren amaitu dute Ligako sailkapenean.

Bilbotarrek Europa gertu izan dute partidako zenbait momentutan, baina, azkenean, ametsak ihes egin die.

Aurretik jartzeko aukera paregabea izan du Valverderen taldeak 10. minutuan, epaileak bizkaitarren aldeko penaltia adierazi duenean, baina Courtoisek ederto antzeman dio jaurtiketa Vesgari.

Golak bigarren zatian iritsi dira. Sancetek sartu du lehenengoa, 49. minutuan, De Marcosek lapurtutako baloi bati etekina aterata.

Madrildarren gola 72. minutuan egin du Benzemak, penaltiz, epaileak Yurik area barruan egindako falta adierazi ostean.

Azkenean, 1-1 amaitu da Santiago Bernabeun Real Madrilek eta Athleticek jokatu duten partida. Madrildarrek Ligako sailkapeneko bigarren postua lortu dute, eta Athletic, aldiz, Europarako txartel preziatuarik gabe geratu da.

Fitxa teknikoa

1-. Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Nacho, Rüdiger; Camavinga (Tchouameni, 58. min), Kroos, Ceballos (Asensio, 58. min; Lucas Vázquez, 92. min); Rodrygo, Benzema (Modric, 74. min) eta Vinicius.

1-. Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Ander Herrera (Oier, 64. min), Vesga (Vencedor, 67. min); IñaKi Williams, Sancet (Muniain, 77. min), Nico Williams (Berenguer, 64. min); eta Guruzeta (Raul Garcia, 77. min).

Golak: 0-1, 49. min, Sancet; 1-1, 72. min, Benzema (penaltiz).

Epailea: Diaz de Mera. (Gaztela-Mantxako Batzordekoa). Txartel horia atera die Real Madrileko Ceballos eta Carvajal jokalariei, eta Athleticeko Sancet eta Yuriri.