Itxi

Futbola

Igotzeko play-offa

Eibarren eta Alavesen arteko kanporaketa itzuliko partidan erabakiko da, joanekoan bana eginda

EITB MEDIA

Syllak 9. minutuan egindako golak aurretik jarri du Alaves. Banakoa Stoichkovek egin du, atsedenaldiaren atarian. Eibarrek 10 jokalarirekin amaitu du neurketa, epaileak Arbilla kanporatu ostean.

  • Corpas (Eibar) eta Ruben Duarte (Alaves)

    Corpas (Eibar) eta Ruben Duarte (Alaves). Argazkia: Efe.

Eibarrek eta Alavesek berdindu egin dute Ipuruan, Santander Ligara igotzeko play-offeko finalerdietako joaneko partidan.

Lehen zatian, Alaves gehiago izan da. Hasierako minutuen ostean, lehen abisua arabarrek eman dute; Luis Riojak jokaldi pertsonala egin du, eta area txikiraino sartu da, baina Luca Zidane atezaina zuhur ibili da baloia kornerrera urruntzeko.

Minutu gutxi batzuk geroago iritsi da babazorroen gola. Baloia albotik atera da, eta Syllak ikusgarri errematatu du area barruan. Gol bikaina sartu du Arabako taldeko jokalariak.

Armaginen erantzuna Tejerok egindako erremate batean iritsi da, baina errematea desbideratuta atera zaio.

28. minutuan, Garitanoren taldeak berdinketa lortzeko aukera argia izan du. Matheusek falta bat zuzenean jaurti du, urrutitik, eta baloia langa gainetik joan zaio, oso gutxigatik.

Alavesek ere izan du markagailuko aldea handitzeko aukera, baina Luis Riojaren baloia errematatzailerik aurkitu gabe pasatu da Zidaneren atearen aurretik.

Berdinketa lehen zatiko luzapenean iritsi da, Stoichkovek egindako erremate akrobatikoan. Horrela, 1-1eko emaitzarekin joan dira bi taldeak atsedenaldira.

Eibar biziberrituta atera da aldageletatik, eta lehen aukera argia armaginek izan dute, Jon Bautistak egindako errematearekin.

Txartel gorria Arbillari

72. minutuan, Eibar jokoan nagusi zenean, etxeko taldea 10 jokalarirekin geratu da, epaileak Arbillari bigarren txartel horia atera diolako Asier Villalibreri falta gogorra egin ostean.

Alaves egoera aprobetxatzen saiatu da, baina markagailuan ez da aldaketarik izan. Partida 1-1 amaitu da, eta osteguneko itzuliko norgehiagokan erabakiko da kanporaketa, Mendizorrotzan, 21:00etatik aurrera.

Fitxa teknikoa

1 - Eibar: Luca, Tejero, Sergio Alvarez, Berrocal, Arbilla, Nolaskoain, Matheus, Corpas (Aketxe, 46. min), Javi Muñoz (Chema Rodriguez, 75. min), Stoichkov (Quique Gonzalez, 75. min) eta Blanco Leschuk (Bautista, 46. min).

1 - Alaves: Sivera, Tenaglia, Abqar, Sedlar, Duarte (Javi Lopez, 83. min), Salva Sevilla (Moya, 70. min), Benavidez (Panichelli, 83. min), Guridi, Rioja, Sylla (Villalibre, 70. min) eta Jason (Alkain, 57. min).

Golak: 0-1, 9. min: Sylla. 1-1, 47. min: Stoichkov.

Epailea: David Gálvez. Txartel horia atera die Benavidez, Berrocal, Abqar eta Javi Muñoz jokalariei, eta Arbilla kanporatu du, bigarren txartel horia aterata.

Levantek ia erabakita utzi du kanporaketa

Larunbat honetan, play-offeko beste kanporaketan, Levantek 1-3 irabazi dio Albaceteri, etxekoen hasierako golari buelta emanda.

Djeteik aurretik jarri du Albacete, 18. minutuan markagailua irekita, baina Levantek erreakzionatu egin du, eta markagailuari buelta eman dio lehen zatia amaitu aurretik, lehenengo De Frutosen golari esker eta ondoren Djeteik bere atean sartutako beste bati esker.

Bigarren zatian, De Frutosek azken gola sartu du, itzulerako partidarako kanporaketa ia erabakita utziz.