Futbola
Euskal Derbia
Osasunak Athleticen aurkako derbia irabazi du (2-0) eta puntuetan berdindu du
I. G. | EITB MEDIA
Budimirren eta Torroren golekin, gorritxoek zuri-gorriekin berdindu dute sailkapenean (50 puntu), eta zazpigarren jarri dira, bi jardunaldiren faltan.
-
Manu Sanchez (Osasuna) eta Nico Williams (Athletic). Argazkia: EFE
Osasuna garaile atera da Sadarren Athleticen aurka jokatu duen derbian (2-0), Santander Ligako 36. jardunaldian, bi taldeek lortu nahi duten Europako postu bat eskuratzeko lehian. Budimirren eta Torroren golekin, gorritxoek zuri-gorriak harrapatu dituzte sailkapenean, 50na puntu dituzte orain, eta zazpigarren jarri dira bi jardunaldiren faltan.
Osasuna – Athletic Club partidako laburpena
Osasuna presioa egiten hasi da lehen minutuetatik, zaleen babesak bultzatuta. Athleticek ondo defendatu du bere zelaian, bi taldeetako batek ere ez du benetako arriskurik sortu neurketako lehen jokaldietan, eta joko lasaia eta jabetza luzeak nagusitu dira.
Nico Williamsek sortu du partidako lehen gol aukera. Baloia Muniainen oinetatik jaso, eta Aitor Fernandezen atera jaurti du, baina kanpora joan zaio gutxigatik.
Osasuna ezker hegaletik erasotzen saiatu da, Abde baliatuta, baina ez du aterako bidea aurkitu. Zorte bera izan du Athleticek hegaletako erdiraketekin min egiten saiatu denean, errematatzaile bila, ez baitu arrakastarik izan.
Ordu erdira, Iñaki Williamsek lehen zatiko aukera argiena izan du. Atzelariei bizkarra hartu die eta atezainaren aurrean jarri da. Aurkariek harrapatu dute, eta, buelta asko eman eta gero, baloia aterantz irten da, eta Ruben Peñak urrundu du. Aurrelari zuri-gorriak adierazi du atzelari gorritxoak eskuaz jo duela baloia, baina epaileak ez dio jaramonik egin.
Bitartean, Osasunak hegaletatik saiatzen jarraitu du, baina ezin izan du errematatzailerik aurkitu area barruan, ezta aldaratzerik jaso ere.
Lehen zatia amaitu baino lehen, Williams anaietako nagusiak beste aukera bat izan du, baina David Garciak traba egin dio jaurtiketa eroso ez egiteko, eta atezainak gelditu egin du.
Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi da etxekoen gola. Hegaleko jaurtiketa azkar batek despistatuta harrapatu du Athletic, Moncayolak erdiratu du, eta Budimirrek nahi bezala errematatu du, markagailua irekitzeko oztoporik gabe (1-0).
Bilbotarrek jokaldi on batekin erantzun dute, pase sakona eginda, Zarragak buka zezan, baina Aitor Fernandezen oin salbatzailearekin egin du topo.
Jarraian, Abdek jokaldi bikaina egin du Budimirri asistentzia emateko. Baloia, baina, oinetan nahasi zaio, eta ezin izan du jaurtiketa egin.
Athleticek erasora jo du eta arriskua sortu du aurkariaren arean. Hala ere, behin eta berriz egin du topo Osasunaren harresiarekin.
Abdek amesgaiztoa izaten jarraitu du, eta bere oinetatik hasi da 2-0ekoaren jokaldia. Agirrezabalak maisuki gelditu du falta bat, baina errebotea etxekoek hartu dute, eta Torrok partida erabakita utzi duen gola sartu du.
Emaitza honekin, Osasunak puntuetan berdindu du Athletic, eta sailkapeneko zazpigarren postua kendu dio, Liga amaitzeko bi jardunaldi falta direnean.
Fitxa teknikoa
2 – Osasuna: Aitor Fernandez; Peña, Aridane, David Garcia, Manu Sanchez; Torro; Barja (Ruben Garcia, 69. min), Moncayola (Pablo Ibañez, 81. min), Aimar (Iker Muñoz, 88. min), Abde (Diego Moreno, 88. min); Budimir (Kike Garcia, 79. min).
0 – Athletic Club: Agirrezabala; De Marcos, Vivian, Paredes (Lekue, 81. min), Yuri; Zarraga (Guruzeta, 56. min), Vesga; Nico Williams (Sancet, 56. min), Muniain (Raul Garcia, 79. min), Berenguer; et Iñaki Williams (Ares Djalo, 81. min).
Golak: Budimir 1-0 (50. min), Torro 2-0 (77. min).
Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Torro, Budimir, Pablo Ibañez, De Marcos, Berenguer eta Vivian jokalariei.