Itxi

Futbola

Fitxaketa

Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaile ohia Uruguaiko hautatzaile berria da

EITB EUS

Argentinarra 2026ko Munduko Futbol Txapelketarako sailkatze fasean zehar izango da karguan; Uruguai Mexikon, Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan jokatuko duten txapelketarako sailkatuz gero, baina, txapelketa hori amaitu arte jarraituko du.

  • Marcelo Bielsa, artxiboko irudian, Leeds United taldeko entrenatzaile zebilela. Argazkia: EFE.

    Marcelo Bielsa, artxiboko irudian, Leeds United taldeko entrenatzaile zebilela. Argazkia: EFE.

Marcelo Bielsa entrenatzaile argentinarra, Athleticeko entrenatzaile ohia, Uruguaiko hautatzaile berria da, astelehenean Uruguaiko Futbol Elkarteak egiaztatu duenez. Bielsa 2026ko Munduko Futbol Txapelketarako sailkatze fasean izango da karguan, hasiera batean; hori bai, Mexikon, Kanadan eta Ameriketako Estatu Batuetan jokatuko duten txapelketarako sailkatuz gero, txapelketa hori amaitu arte jarraituko du Uruguaiko hautatzaile karguan.

Ostegunean adierazi zuen Uruguaiko Futbol Elkarteak akordioa zuela Bielsarekin, baina behin betiko kontratua ez zegoela sinatuta zehaztu zuen. Herrialde horretan sortu ez den Uruguaiko bigarren hautatzailea da; lehenengoa Daniel Passarella izan zen (1999-2001). Uruguaik bi aldiz irabazi du Munduko Txapelketa, 1930ean eta 1950ean.

Rosario hirian jaio zen Bielsa, 1955ean, eta 1990ean ekin zion entrenatzaile izateari; futbolari gisa egindako ibilbidea 1980an amaitu zuen. Entrenatzaile bezala, talde hauek zuzendu ditu: Newell's Old Boys, Atlas, America, Velez Sarsfield, Espanyol, Athletic (2011-2013), Olympique Marseilla, Lille eta Leeds United. Talde horiek entrenatzeaz gain, Argentinako eta Txileko selekzioetako hautatzaile ere izan da.

Duela urtebete, Athleticeko azken hauteskundeen harira, Iñaki Arechabaleta buru zuen hautagaitzak akordioa itxi zuen Bielsarekin; hala, Arechabaletak hauteskundeak irabazi izan balitu, argentinarra izango zen Athleticeko entrenatzailea, berriro. Dena den, Jon Uriarte egungo presidentea gailendu zen hauteskundeetan, eta, ondorioz, azkenean ez zen gauzatu Marcelo Bielsaren itzulera.