Itxi

Futbola

Negreira auzia

Joan Laporta Bartzelonako presidenteak apirilaren 17an emango du Negreira auziaren gaineko bere bertsioa

EITB MEDIA

Handik bi egunera, hilaren 19an, Ligako klubek ezohiko bilera egingo dute, auziaren ondorioak aztertzeko; Espainiako Gobernuak esan du "mamira" iritsi nahi duela, gertatutakoa argitzeko.

  • Joan Laporta, Miquel Iceta Espainiako Gobernuaren Kultura ministroarekin. Argazkia: EFE.

    Joan Laporta, Miquel Iceta Espainiako Gobernuaren Kultura ministroarekin. Argazkia: EFE.

Joan Laporta Bartzelonako presidenteak hurrengo astelehenean, apirilaren 17an, emango du Negreira auziaren gaineko bere bertsioa. Aste horretan bertan, bi egun geroago, hilaren 19an, asteazkenean, Ligako klubek ezohiko bilera egingo dute, auziaren ondorioak aztertzeko; bitartean, Espainiako Gobernuak esan du "mamira" iritsi nahi duela, gertatutakoa argitzeko.

Testuinguru horretan, Joan Laportak apirilaren 17an emango du Bartzelonaren bertsio ofiziala, Negreira auziaren gainean, 11:00etan. Otsailean argitaratu zuten Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiari Bartzelonak milioi askoko ordainketak egiten zizkiola, eta klubak, hortaz, kanpoko ikerketa agindu zuen, harreman horren gaineko xehetasunak argitzeko; Bartzelonak Andreu van den Eynde abokatuarekin bat egin zuen, kontu ikuskaritzan aditua baita, eta haren txostena prest dago. Beraz, Laportak Bartzelonaren bertsioaren berri emango du, auziarekin lotuta emango duen lehen prentsaurrekoan.

Aipatutako ordainketak 17 urtez jarraian egin zituen Bartzelonak, 2001etik 2018ra bitartean. Bartzelonako 1. Epaitegiak ikerketa abiatu du horiek argitzeko.

Ligak klub profesionalak deitu ditu datorren asterako, apirilaren 19rako, ezohiko bilera egiteko; bertan, auziaren ondorioak izango dituzte aztergai. Ligako presidente Javier Tebasek ziurtatu du espero duela Bartzelona bilerara joatea, "gainerako klubei Negreira auziaren gaineko azalpenak emateko; izan ere, bi hilabete joan dira, eta azalpenik eman gabe jarraitzen du". Tebasen iritziz, klubak UEFAri eta FIFAri bidalitako gutunak "ezer gutxi argitzen du".

Bitartean, Isabel Rodriguez Lurralde Antolamenduko ministro eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak nabarmendu du "Espainiako futbolaren izena zikindu ahal duen guztiak" kezkatzen duela, eta Negreira auziaren "mamira" iritsi nahi duela, gertatutakoa argitzeko.

"Lehiaren osotasuna da goi mailako kirolaren oinarria, eta, Gobernuak interesa duenez auzi honek konponbidea izateko, Kirol Kontseilu Nagusiak pertsonazio idazkia aurkeztu du, salatutako gertaeren gainean, kirol lehiaren osotasunari zuzenean eragin ote dioten azter dadin. Kirol Kontseilu Nagusiaren lana da osotasun hori zaintzea", azpimarratu du ministroak.

Javier Tebasen iritziz, "Negreira auziak", berak dakiela, "Bartzelonaren eta Espainiako futbolaren izenari historiako kalterik handiena eragin dio". "Zergatik jazo den ia-ia berdin zait, gertatu egin da, eta lau presidente daude tartean, elkarri lekukoa emandakoak", esan du Ligako presidenteak. "Ea nola argitzen digun. Ikusteko irrikan nago, eta Espainiako futboleko gainerako klubak ere bai", zehaztu du, Laportak astelehenean emango duen prentsaurrekoa hizpide.