Futbola
2012ko Eurokopako finala
Espainia Europako txapeldun izendatu da Italiari finala irabazita
Erredakzioa
David Silvak, Jordi Albak, Fernando Torresek eta Juan Matak sartu dituzte espainiarren lau golak (4-0). Garaipen honekin bere historiako hirugarren Eurokopa irabazi du Espainiako selekzioak.
Partida hasieran Espainia izan zen baloiaren jabe eta espainiarrek izan zituzten gol aukera onenak. Zazpigarren minutuan Sergio Ramosek egindako erremate batekin eman zuen Espainiak lehen abisua. Ondoren, Xavi Hernandezen jaurtiketa langa urratuz kanpora joan zen, eta azkenik, Silvak 13. minutuan 1-0 sartu zuen. Fabregasek egin zuen jokaldia hondoko marrara arte joan eta atzera erdiratuta. Silva behartuta iritsi zen, eta zorte pittin batekin baloia sare barrura bidaltzea lortu zuen.
Gola hartuta, Italia baloiaren jabe egin zen eta golaren bila jo zuten. Minutuak aurrera joan ahala Italia gol aukerak sortzen hasi zen. Casillasek lanak izan zituen Pirlok ateratako bi korner aldentzeko, eta bigarrenean De Rossiri erremate argia kendu zion Espainiako atezainak. Ondoren, Ramosek aldendu behar izan zuen area barruan solte geratu zen baloia, italiarrei errematea kentzeko. Geroago, Cassanok bi gol aukera izan zituen. Lehenengoan, Arbeloa lurrean utzi, area barruan sartu eta bere jaurtiketa Casillasek geratu zuen. Bigarren errematean, Espainiako atezainak erantzun bikaina eman zion Cassanoren zartakoari. Italia momentu onenean ari zenean, Espainiak 2-0ekoa sartu zuen. Jordi Albak pase dotorea hartu, abiadura bizian aurrea egin eta Buffon atezaina gainditu zuen. Lehen zatiko azken minutuan, Casillasek bikain desbideratu zuen Montolivoren jaurtiketa indartsua. Horrenbestez, partida 2-0eko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Bigarren zatiaren hasieran, Italia aldeak murrizteko asmoz atera zen berdegunera eta bi gol aukera argi izan zituen lehen minutuietan. 47. minutuan Di Nataleren errematea langa urratuz kanpora joan zen eta 51.ean, Casillasek erantzun ezin hobea eman zion Di Natalek bere aurrean egindako jaurtiketari. 61. minutuan, Italiak albiste txar bat jaso zuen. Zelaian bost minutu zeramatzan Thiago Mottak min hartu zuen eta ezin izan zuen jokatzen jarraitu. Pradelli Italiako hautatzaileak hiru aldaketak eginak zituen jada, eta Italiak jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan zituen partidako azken 30 minutuak.
Italia jokalari bat gutxiagorekin zegoen eta Espainia jaun eta jabe zen. Partidako azken hamar minutuetan, Espainiak beste bi gol sartzeko gaitasuna izan zuen. 83. minutuan, Torresek 3-0koa sartu zuen, eta Italia guztiz etsita zegoenean Matak 4-0koa sartu zuen 88. minutuan. Azkenean, partida 4-0eko emaitzarekin bukatu zen eta Espainia izendatu zen Europako txapeldun.
Fitxa teknikoa:
4 - Espainia: Casillas; Arbeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Busquets, Xabi Alonso, Xavi; Iniesta (Mata, 86. min), Silva (Pedro, 59. min) eta Cesc (Torres, 75. min).
0 - Italia: Buffon; Abate, Barzagli, Bonucci, Chiellini (Balzaretti, 21. min); Marchisio, Pirlo, De Rossi, Montolivo (Motta, 56. min); Cassano (Di Natale, 46. min) eta Balotelli.
Golak: 1-0, 13. min: Silva. 2-0, 41. min: Jordi Alba. 3-0, 84. min: Fernando Torres. 4-0, 88. min: Mata.
Epailea: Pedro Proenca (POR).