Itxi

Futbola

Negreira auzia

Tramitera onartu dute Negreira auziagatik Bartzelonaren aurka aurkeztutako salaketa

EITB MEDIA

Jose Maria Enriquez Negreira epaile ohi eta Epaileen Batzorde Teknikoaren presidente ohiari Bartzelonak 2001tik 2018ra bitartean egindako ordainketak, 7,3 milioi euro hain zuzen, partikularrek kirol arloan egindako ustelkeria delitu jarraitua izan litezke, besteak beste.

  • Joan Laporta Bartzelonako presidentea, berriki hartutako irudian. Argazkia: EFE.

    Joan Laporta Bartzelonako presidentea, berriki hartutako irudian. Argazkia: EFE.

Bartzelonako 1. Instrukzioko Epaitegiak tramitera onartu du Fiskaltzak Bartzelonaren eta Jose Maria Enriquez Negreiraren aurka aurkeztutako salaketa; hain zuzen ere, Bartzelonak Enriquez Negreira epaile ohi eta Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteorde ohiari milioi askoko ordainketak egin zizkion. 2001etik 2018ra bitartean, 7,3 milioi euro ordaindu zizkion Bartzelonako klubak Negreirari, eta horrek ekar litzake partikularrek kirol arloan egindako ustelkeria delitu jarraitu bat, administrazio desleialeko delitu jarraitu bat, eta merkataritza agirian egindako faltsutasuneko delitu jarraitu bat.

Bartzelona eta Enriquez Negreira ez ezik, Sandro Rosell eta Josep Maria Bartomeu Kataluniako klubeko presidente ohiak, Oscar Grau Bartzelonako zuzendari nagusi ohia eta Albert Soler Kirol Profesionaletako zuzendari ohia ere agertzen dira salatu gisa. Halaber, autoak agertutzat ematen du, akusazio partikular bezala, Futbol Profesionaleko Liga. Guardia Zibilak hartuko ditu bere gain salatutako gertaerak ikertzea.

Silvia Lopez Mejia magistratuak, horrez gain, Xavier Estrada Fernandez epaile ohiak Enriquez Negreiraren eta Dasnil 95 SL merkataritza sozietatearen aurka jarritako kereila ere onartu du tramitera, kirol ustelkeriako edo kirol iruzurreko ustezko delituagatik.

Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoaren presidenteorde ibili zen 1993tik 2018ra bitartean. Dasnil 95 SL, Nilsad SCP eta Soccercam SL merkataritza sozietateen bidez fakturatu zizkion Bartzelonari bere zerbitzuak. Klubaren arabera, zerbitzu horiek ziren epaileen gaineko txostenak, "scoutinga" eta gazte mailetako futbola.

Soccercam SL sozietateari dagokionez, Javier Enriquez Romero zen jabea, hau da, Enriquez Negreiraren semea. Azken horrek, ustez, Bartzelonari 2016tik 2018ra bitartean emandako zerbitzuak ez zizkion zuzenean fakturatu klubari; beste enpresa baten bidez egin zuen. Azken enpresa horren jabea Josep Contreras zen, alegia, Josep Maria Bartomeuk zuzendutako Zuzendaritza Batzako kide bat. Autoaren arabera, "horrek saihestu egin zuen Bartzelonak zuzenean kontratatzea Javier Enriquez Romero, eta, hala, Enriquez abizena ez zuten klubarekin lotu".

Ikerketa 2019ko uztailean hasi zen

Ustez delituzkoak diren gertaera horiek 2019ko uztailean hasi ziren ikertzen. Orduan, Zerga Agentzia Bartzelona ikuskatzen hasi zen, 2015eko, 2016ko, 2017ko eta 2018ko ekitaldietako Sozietate Zergagatik eta 2015eko, 2016ko eta 2017ko Balio Erantsiaren Gaineko zergagatik, Enriquez Negreirarekin lotutako enpresei bidalitako fakturak tarteko.

Ikuskapen horretan, Zerga Agentziak eskatu zion klubari identifika zitzala "zerbitzu horiek garatu zituzten profesionalak, teknikariak edo laguntzaileak", eta eman zezala "aholkularitza espezifikoko lanak gauzatu zituzten bideoen, agirien edo txostenen kopia".

Bartzelonak erantzun zuen ez zuela topatzen eskatutako dokumentazio hori; hortaz, ikuskaritzak gastua ez kengarritzat jo zuen, eta fakturek galdu zuten baliotasuneko presuntzioa.

Bartzelonako 1. Instrukzioko Epaitegiak jasota duen Fiskaltzaren salaketaren arabera, Bartzelonak, Rosell eta Bartomeu presidenteen bidez, "akordio erabat isilpekoa izan zuen Jose Maria Enriquez Negreirarekin; akordio horren helburua zen Enriquez Negreirak, epaileen presidenteordea zenez eta diruaren trukean, Bartzelonaren mesederako esku-hartzeak egin zitzala, Bartzelonak jokatu behar zituen partidetan epaileek hartu beharreko erabakiei zegokienez".

Hortaz, magistratuaren iritziz, partikularrek kirol arloan egindako ustelkeria delitu jarraitu bat, administrazio desleialeko delitu jarraitu bat, eta merkataritza agirian egindako faltsutasuneko delitu jarraitu bat egon litezke, eta ikertu beharra dago.