Fiskaltzak salaketa aurkeztuko du Josep Maria Bartomeu Bartzelonako presidente ohiaren eta klubaren aurka, azken hori pertsona juridiko gisa hartuta, Jose Maria Enriquez Negreira epaileen agintari ohiari egindako milioi askoko ordainketengatik. El Pais egunkariak aurreratu duenez eta EFE agentziari iturri juridikoek baieztatu diotenez, salaketa hemendik gutxira aurkeztuko dute Bartzelonako Epaitegietan, eta negozioetan egindako ustelkeria delitua egotziko die klubari eta presidente ohiari. Bitartean, Joan Laporta Bartzelonako egungo presidenteak berretsi du klubak "inoiz ez" duela epailerik erosi, eta hori egiteko asmorik ere ez duela izan, eta Espainiako Gobernuak aztertuko du prozeduran azalduko den. Bartzelonako Fiskaltza duela ia urtebete hasi zen ikertzen Negreirak ustez, enpresa baten bidez, jasotako ordainketak; hain zuzen, Bartzelonak ia zazpi milioi eman omen zizkion klubari ahozko laguntza emateagatik. Fiskaltzak salaketaren zirriborroa idatzi du, eta Estatuko Fiskaltza Nagusia ari da berrikusten; salaketak jasotzen duen akusazioa da negozioetan egindako ustelkeria, modu jarraituan. Ministerio Publikoak 2022ko maiatzetik zituen zabalik izapideak (Espainiako Poliziak hartu zituen bere gain izapide horiek) Negreiraren enpresak egindako ustezko irregulartasun fiskalengatik. Horrek agerian utzi zituen Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiak jasotako milioi askoko ordainketak. Fiskaltzak Bartzelonako Epaitegietan aurkeztuko du salaketa. Ezin da baztertu, baina, auzia Bartzelonako 1. Instrukzioko Epaitegiak hartzea; izan ere, epaitegi horrek, aurreko astean, Estrada Fernandez VAReko epaileak aurkeztutako kereila jaso zuen. Kereila hori ez dute, oraindik, tramitera onartu. Horren harira, Joan Laporta Bartzelonako egungo presidenteak berretsi du bere klubak ez duela "inoiz" epailerik "erosi", eta, horrez gain, sekula ez duela hori egiteko asmorik izan. Gogora ekarri duenez, laster deituko du prentsaurrekoa, Negreira auziaren gaineko azalpenak emate aldera. Halaber, Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol ministroak ziurtatu du Espainiako Estatuko Gobernuak erabaki egingo duela ea komenigarria den azaltzea prozeduran; erabakia Fiskaltzak jarduketak amaituta hartuko du, auziaren gaineko akusazioa gauzatuta hain zuzen ere. Testuinguru horretan bertan, Pilar Llop Espainiako Justizia ministroak aldeztu du "zero tolerantzia" egotea ustelkeriarekin, "edozein arlotan; kirol arloan ere, noski, gertatuz gero".