Itxi

Futbola

Espainia-Frantzia (2-0)

Xabi Alonsok Espainia finalerdietarako sailkatu du

Erredakzioa

Espainiak lehen zatiko aukerarik argiena aprobetxatu du markagailuan aurrea hartzeko eta bigarren zatia abantaila ezin hobeto kudeatu du.

00:58
Xabi Alonso protagonista Espainiaren garaipenean

Fitxa teknikoa:

Espainia: Casillas; Arbeloa, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Xabi Alonso, Busquets, Xavi, Iniesta (Cazorla, 84. minutua), Silva (Pedro, 65. minutua) eta Cesc (Torres, 67. minutua).

Frantzia: Lloris; Reveillre, Rami, Koscielny, Clichy; Debuchy (Menez, 64. minutua), Cabaye, Ribery, Malouda (Nasri, 64. minutua), M'Vila (Giroud, 79. minutua); Benzema.

Golak: 1-0, 19. minutua, Xabi Alonso. 2-0, 91. minutua, Xabi Alonso, penaltiz.

Espainiak Frantzia 2-0 hartu du mendean, Polonia eta Ukrainako Eurokopako final-laurdenetan, eta finalerdietarako sailkatu da. Cristiano Ronaldoren Portugal du zain Espainiak finalerdietan. Xabi Alonso tolosarra neurketako protagonista nagusia izan da. Internazional gisa 100 partida bete ditu gipuzkoarrak eta Espainiaren bi golak sartu ditu, aurrenekoa buruz eta bigarrena penaltiz.

Espainia nagusi izan da lehen zatian eta erritmo biziarekin hasi du norgehiagoka. Fabregasek, Silvak, Iniestak eta Xavik baloiaren jabetza bereganatu eta une oro partida kontrolatu dute.

Espainiaren nagusitasunaren ondorioz Xabi Alonsoren gola (19. minutua) heldu da. Espainiako selekzioak jokaldi bikaina lotu eta Jordi Albaren erdiraketa zehatzak erdilari gipuzkoarraren burua aurkitu du. Tolosarrak jokaldia aurrelari bat bezala bukatu du.

Gola sartu eta gero, Espainiak jokoari eutsi dio, baina ia ez du arriskurik sortu eta oso gutxitan hurbildu da Llorisen atera. Frantzia saiatu egin da, buruarekin baino gehiago bihotzarekin. Ribery eta Benzema arriskua sortzen saiatu dira.

Frantziako izarren esfortzua alferrikakoa izan da eta bi aldiz jaurti dute atera lehen zatian. Casillasek ia ez du lanik izan.

Bigarren zatian Frantziak bere jokoa hobetu du eta Nasri eta Menez berdeguneratu ditu Blancek. Bien bitartean, Del Bosque Torres zelairatu du Fabregasen ordez. Debuchyren burukada batek emozioa eraman du harmailetara, eta Espainia esnatu du.

Luzapeneko minutuetan Pedrok barnekaldia egin du area barruan eta Revellerek zangotrabatu du. Rizzoli epaileak penaltia adierazi du eta Xabi Alonsok ez du aukera alferrik galdu. Horrela, bere bigarren gola sartu du erdilari gipuzkoarrak.