Futbola
Negreira auzia
LaLigako klubek "arbuiatu eta gaitzetsi" egiten dituzte Negreira auziko gertaerak
EITB MEDIA
Baterako ohar batean zehaztu dutenez, "aktiboki" ari dira lanean, "auzi horren inguruan gertatu ahal izan den edozein irregulartasun argitzeko, kirol arloari edo beste edozein arlori dagokienez".
-
LaLigako klubek oharra zabaldu dute. Argazkia: LaLiga.
LaLigak eta bere Batzorde Ordezkariak "arbuiatu eta gaitzetsi" egin dituzte Negreira/Bartzelona izeneko auziaren gertaerak, eta, halaber, adierazi egin dute "aktiboki" ari direla lanean, "auzi horren inguruan gertatu ahal izan den edozein irregulartasun argitzeko, kirol arloari edo beste edozein arlori dagokienez".
LaLigako Batzorde Ordezkarian klub hauek daude: Reala, Alaves, Eibar, Atletico Madril, Levante, Sevilla, Betis, Cadiz, Getafe, Vila-real, Tenerife, Las Palmas, Lugo eta Huesca. Batzordeak bilera egin du asteartean, eta, bertan, LaLigak azaldu du zein jarduketari ekin dien azken egunetan, hain zuzen, Bartzelonako Fiskaltzak ikerketa abiatu zuenetik; izan ere, Jose Maria Enriquez Negreira Epaileen Batzorde Teknikoko presidenteorde ohiaren enpresak hainbat ordainketa jaso zituen, 2016tik 2018ra arteko epean, Bartzelonaren aldetik. Hain zuzen, enpresa horrek 1,4 milioi euro jaso zituen.
LaLigak jakitera eman duenez, Fiskaltzari idazkia bidali dio; horrez gain, Espainiako eta Europako zenbait erakunderi egokitzat jotzen dituen datuen eta informazioen gaineko komunikazioak eman dizkie; eta, halaber, beste jarduketa batzuk ere egin ditu. Batzuen gaineko xehetasunik ez du emango oraingoz, ikerketa ez oztopatzeko.
Astelehenean, "Maila Batzarretan, LaLigako club gehienek kezka sakona agertu zuten auzi honengatik; haien iritziz, larritasun handikoa da. Beraz, baterako komunikazioa zabaltzeko proposamena aho batez babestu zuten SmartBank Ligako klub guztiek eta Santander Ligako klub guztiek, bik izan ezik. LaLigak ez du zehaztu zeintzuk diren azken bi klub horiek, baina, esan duenez, "oztopoak jarri zituzten, zenbait arrazoirengatik".
LaLigak berretsi duenez, klubek eta Batzorde Ordezkariak "arbuiatu eta gaitzetsi" egiten dituzte gertaerak, eta "sakonki kezkatuta" daude eta "aktiboki ari dira lanean", Negreira auziaren gaineko gertatu ahal izan den edozein irregulartasun argitzeko, kirol arloari edo beste edozein arlori dagokienez". Adierazi ere adierazi du "oso gertutik" ari dela gaia jarraitzen, eta "irmoki" arituko dela, "Legeak baimendutako eskumenen eta mugen barnean".
"Batzorde Ordezkariak irmoki babestu egiten ditu LaLigako jarduketak; izan ere, lan handia egin izan du hainbat urtez txapelketaren osotasuna zaintze aldera", gehitu du.